Gorka Otxoa, hondakinen aferaz: "Informazioa nahi dugu eta benetako eztabaida bat"

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 18a, 10:39

"Donostiarrok informazioa nahi dugu eta benetako eztabaida bat egin dadila arloko adituen artean, gure osasuna gehien babesten duen konponbidea adosteko". Gorka Otxoa aktore ezagunaren hitzak dira honako hauek. Albiste honi atxikitako bideoan dituzue bere adierazpenak. GuraSOSek azken orduotan plazaratu duen ikus-entzunezko piezan jaso dituzte. Otxoak donostiarrei galdetzen die, ia kezkatuak egoteko arrazoirik ba ote duten, Zubietan eraiki asmo dagoen erraustegiari dagokionean. "Zerorrek erabaki" dio. Segidan erraustegiak osasunerako ekar ditzakeen hainbat datu kezkagarriren aipamena egiten du GuraSOSek.

"Eusko Jaurlaritzak 30 kilometrotako erradioa duen eragin eremua aitortzen du. Eragin eremu horretan, 69.000 haur baino gehiago aurkitzen dira. Donostia 5-10 kilometroko erradioaren barruan dago eta bertan, 35.000 haur inguru daude. Hondakinen errausketak osasunean kalteak eragin ditzake. Zaborrak tratatzeko osasunean zehar kalte gutxien sorraratzen duen metodoa bilatu beharko litzateke, kostu ekonomikoa edo bestelako arrazoiak kontuan hartu gabe", gogorarazten dute guraso taldetik.

Egoera zein den ikusita, osasunari eta adostasunari bide emateko, azaroaren 26an Donostian deitu duten manifestaziora joatera deitzen gaituzte. "Orain inoiz baino gehiago, gizartearen ardura da. Gure seme-alabengatik adostasuna lortu behar dugu. Azaroaren 26an denok Donostiara!", azpimarratzen dute.

Manifestazioa, azaroaren 26an Donostian

Taldearen bide orria babestu, erraustegiaren lizitazioa gelditzea eskatu eta gai honen inguruan adostasuna lortzeko garaiz gaudela aldarrikatuko da azaroaren 26an Donostiako kaleetan, GuraSOSek deitu duen manifestazio erraldoian. 17:00etan abiatuko da Amarako Euskotrenen geltoki pareko Araba parkea eta Mendeurren plaza ingurutik eta Alderdi Ederren amaituko da. Erraustegiak seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginagatik kezkaturiko guraso taldeak, "gizarte osoari dei egiten dio guztion artean adostutako irtenbide bat bilatzeko. Guztion erantzukizuna delako".

Gipuzkoarrontzat hobea den bide alternatibo bat jorratu nahi dugula eskatuko da, atzo Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztu zuten mobilizazioaren bidez. "Gai honen irtenbidea guztion eskuetan dago, zure eskuetan dago, eta manifestazioarekin jendeari aukera eman nahi diogu azal dezaten horixe bera, beste bide bati ekin nahi diogula gipuzkoarrok. Gipuzkoarrentzat hobea den bide bat", azaldu zuten manifestazioko deitzaileek.

Hondakinen gaian hain zuzen, GuraSOSek "ahalik eta berme gehien edo kalte gutxien irtenbideari eman behar zaiola bide uste du eta hainbat galdera planteatzen ditu: Posible al da arrisku edo eraginik egongo ez denaren bermea edukitzea? Egon al da errausketa baino seguruagoak eta bideragarriagoak diren beste aukerei buruzko benetako eztabaidarik? Beharrezkoa al da erraustegia egitea? Garaiz al gaude birpentsatzeko? Galdera asko daude airean, eta asko dago oraindik hitz egiteko eta adosteko". Eta oraindik garaiz gaudela diote, "izan ere, inoiz ez da berandu segurtasuna areagotu eta osasunarentzat eragin txikiena duen hondakin tratamendua bilatzeko".

Inposizioaren garaia atzean utzi eta adostasunaren bideari heltzeko eskaera egin dute. "Gai hau liskar eremutik atera behar dugu. Gainditu egin behar dugu konfrontamenduaren garaia. Eta horretarako eredu propioa sortu behar dugu, hemengoa, Gipuzkoakoa. Gipuzkoa onena nahi dugulako. Gipuzkoarentzat eta gure osasunarentzat ere gehiago nahi dugulako. Gure seme-alabentzat gehiago nahi dugulako, beraientzat onena dena. Eta hori guztion artean egingo dugu".

Antolaketarako laguntza beharrean

"Gipuzkoa +: eman bidea Osasuna eta Adostasunari" aldarripean egingo den manifestazioaren prestaketa lanetarako eta egunean bertan sortuko diren lanetarako laguntza beharko du GuraSOSek. Taldeak "deia egiten du manifestazioa prestatzen zein egunean laguntzeko prest daudenei komunikazioa@gurasos.org helbidera idatz dezakezu". Bestalde, segidan duzue manifestazioari begira kaleratu duten kartela. Lau haizeetara zabaltzeko deia egin du GuraSOSek.

Konponbiderako bide-orria

Hondakinen afera konpontzeko 8 puntuko bide-orria aurkeztu zuen atzo GuraSOSek. Honatx bide-orriko edukia bere osotasunean:  http://www.noaua.eus/2016/11/17/konponbiderako-b…ztu-du-gurasosek/

Informazio gehiago:

gurasos.org

blogagurasos.wordpress.com