GuraSOSk azaroaren 26rako Donostian antolatu duen manifestaziora joatera gonbidatu eta beste behin, erraustegiaren aurka agertzeko elkarretaratzea deitu du Lasarte-Oriako Aire Garbia herri plataformak, larunbat honetarako, azaroak 19, 13:00ean Okendo plazan. Ez da larunbaterako deitua dagoen mobilizazio bakarra. Azpeitian ere manifestazioa deitu baitute 18:30etan. Kirats eta arratoiengatik eta ingurumenerako dakartzan kalteengatik Lapatxeko zabortegia ixtea; osasun, ingurumen eta "atzean dauden interes ekonomikoengatik" erraustegia gelditzea; eta auzokonposta bultzatzearekin batera, Azpeitian ere %80tik gora birziklatzea eta berrerabiltzea ahalbidetuko duen sistema eraginkor bart martxan jartzea eskatuko dute.
Goi-tentsioko linea eraiki nahi dute
Hala ohartarazi zuen urria hasieran, Lasarte-Oriako Aire Garbia Herri Plataformak. Alegia, Zubietako erraustegia sare elektrikora lotzeko goi-tentsioko linea berri bat eraiki nahi duela Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak. Dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailarekin aldez aurretikako kontsultak hasi dituela berri eman du erraustegiaren aurkako Lasarte-Oriako herri plataformak. "Linea berria, 132 kV-koa, erraustegian bertan hasi eta sare nagusiarekin Urnietan lotuko litzateke, Elutsetako Arkaitzen inguruan. Guztira, 5 kilometro, Zubieta, Lasarte-Oria (batez ere), Andoain (zati txiki batean) eta Urnietan barrena. Desjabetzeak ere aurreikusten dituen proiektu honek 8 milioi euroko aurrekontua du. GHK-k berak % 60 ordainduko luke eta Donostiako Udalak % 40. Linea hau garrantzitsua da erraustegirako, eta, Aire Garbiaren iritziz, horren berri ematea ere garrantzitsua da, batez ere proiektu honekin zerikusia duen guztia isilean tramitatzen saiatzen ari direla kontuan izanik", adierazi dute ohar bidez. Irudiak: Aire Garbia.