Joxe Torregaraien gorpu beila Errekaldeko Funeraria Vascongadaren ehorztetxean egongo da, astelehen goizeko 11:00ak arte. Bere aldeko hileta elizkizuna berriz, astelehen arratsaldeko 19:30etan izango da, Usurbilgo Salbatore Deunaren parroki elizan.
Usurbilen ezagun eta maitatua askoa zen Joxe Torregarai Gorostidi joan zaigu larunbat honetan. 2017an 80 urte beteko zituen. Urte luzeetan dinamika ezberdinetan parte hartzen ikusi dugu herrian. Antzezle lanetan esaterako. Eguberrietan Olentzeroren paperean. Baita Usurbilgo Txerriki antzerki taldeko kide izan zen, besteak beste, "Hiru desioak" lanean, Kattalin Arzallus, Ana Arostegi eta Maitere Alkortarekin batera. Umoretik beti, irri eginarazten guztioi. NOAUA!n ere, alaba Idoiak bezala, ekarpen eder askoa eginikoa da Joxe.
Gerra garai betean jaio zen Torregarai, 1937. urtean, gaur arte bizileku izan duen Gaztañaga baserrian, "hiru senideren artean bigarren. Aitona Demetrio Montevideon jaioa zen, baina familia guztia Gaztañagara itzuli zen hura gaztea zela. Baserriko lanetan jardundakoa, Joxe txerri-hiltzailea izan zen gaztetan; gerora, Lasarteko Michelin fabrikan aritu izan da lanean bizi guztian erretiroa hartu arte. Ezkondu eta hiru seme-alaba izan ditu. Gizon argia, umoretsua eta parte-hartzailea, oso ondo ezagutzen ditu Usurbilgo gorabeherak".
Joxeren biografiako datuok, Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea xede nagusi duen Ahotsak proiektutik jaso ditugu. Beste hainbat ekimenetan bezala, egitasmo honetan ere parte hartu baitzuen Torregaraik, 2010. urtean. Bertan entzun eta ikus dezakezue Joxe, hainbat gairi buruz hizketan, beste hainbat herritarrekin batera.
Berrikiago, alaba Idoiaren eskutik, azken aldian ezagun egin da Joxe Youtuben edota Euskadi Irratian egin dituen kolaborazioetan, urte guztiotan bidelagun izan duen Pepi Martijarekin batera. Umoretik, gai askori buruzko iritzia eman edota kontu kontari, tarte atsegin askoak pasarazi dizkigu bikoteak. Sarean dituzue alaba Idoiak gurasoei eginiko grabazioak. Gurasoei egin ahal zien omenaldi ederrena egin die Idoiak maitasun osoz. Ez adiorik Joxe! NOAUA! Kultur Elkarteko kideon partetik, besarkada handi bat etxeko eta lagunei, bereziki Idoia eta Ion Markeli!
"Beti irribarretsu gogoratuko zaitugu Joxe!"
Albistea jakin zenetik maitasun eta elkartasun mezu mordoa jasotzen ari da Joxeren sendia. Esaterako Ahotsak egitasmotik hitzokin oroitu dute Torregarai. "Lekuko bikain, laguntzaile ordainezin. Beti irribarretsu gogoratuko zaitugu Joxe!", adierazi dute sare sozialen bidez.
Ion Markel Saez de Urabainek ere ondo baino hobeto omendu du gertuan izan duen Joxe. "Usurbila etorri nintzenetik Torregarai! deitzen didate kalean, zeoze handiaren seinale izango balitz bezala hitz hori. Eta halaxe zan Gaztañako Joxe herrirako eta gertukoentzako, handia. Agur eta ohore Joxe", hitzok eskaini dizkio Facebook bidez. Besarkadak eta animu mezuak, irribarre eginarazi izanagatik eskertza mezuak ugariak izan dira azken orduotan sare sozialetan.
Irudia: EITB.