Ekimenez beteriko asteburua datorkigu berriz. Tartean, frontoia izango da hitzordu batzuen bilgunea; bai behintzat Gazte eta Erle Egunena. “Horregatik dei egin nahi diegu, Gazte Egunaren antolatzaileon izenean, Gazte Egunean parte hartu eta gozatzeko asmoa duen orori, Erle Eguneko prestaketa eta muntaketa lanak errespeta eta babes ditzaten. Demako postuen egiturak, zintzilikaturiko erleak… Ostiralean utzi bezala egon behar dira igande goizean. Zure laguntza eta begirunea eskatzen dugu, elkarbizitza bermatzeko, gure hitza betetzeko”, ohartarazi dute Gazte Eguneko antolatzaileek.
Erle Egunekoekin adostu dute frontoiaren erabilera. “Jakina da astebururo astebururo dimentsio eta izaera ezberdinetako ekimenak antolatzen ditugula hemen, Usurbilen. Eta noski, garai hauetan eguraldia bide-lagun arriskutsua denez, frontoia bihurtzen da jai giroaren aterpe eta topagune. Ondorioz, erreferentziazko gune hau erabiltzerako orduan zeinbait ika-mika ere sortu izan dira. Gauzak horrela, ez da salbuespena izan azaroaren 26-27ko asteburua, non Usurbilgo Gazte Egunak eta Erle Egunak bat egingo duten. Hortaz, bi jai egun hauen antolatzaileok, elkarrekin akordio batera heldu eta bi egitarauak frontoian garatzea adostu dugu, elkarrekiko errespetua giltzarri moduan ipiniz”, adierazi dute.
Herriko gazteen arteko harremanak sendotu eta Usurbilen gazteen mugimendua berreraikitzeko abiapuntu izan nahi zuen duela urtebete antolatu eta ospatu zen Gazte Egunak. Dinamika horri segida emango diote, larunbat honetarako, azaroaren 26rako antolatu dituzten egun osoko ekimenekin. Ahalduntzea, eta jai giroko ekitaldiak tartekatu dituzte egitarauan. Baina batez ere, parte hartzailea izango da, ate joka dugun Gazte Egunaren edizio berria:
Gazte Eguna
Azaroak 26, larunbata
08:30 Auzolanerako deialdia muntaketarako.
10:00 Mahai ingurua: "Gazte perspektiba: Usurbilgo errealitatea ezagutzen".
11:30 Gazte Olinpiadak.
Oharra: frontoian elkartuko gara. Izena eman betiko tabernetan.
19:00 Elektro Txufla, elektrotxaranga.
21:00 Afaria. Sarrerak 12 eurotan, betiko tabernetan salgai.
00:00 Kontzertuak: Odolaren Mintzoa, Skasti eta DJ Seymar & XBR.
"Guretzat eskaintza izateko"
Herriko gazteen arteko harremanak sendotu eta gazte mugimendua berreraiki asmoz, antolatu zuten iazko estreinako Gazte Eguna, “batez ere ikusten genuelako gazteok ez ginela batera ibiltzen, kalean ere gazteon mugimenduaren presentziarik ez dagoelako”.
25 bat gazte bildu ziren iaz antolaketa lanetarako, 16-18 urte artekoak gehienak. Gazte berri asko tartean. Egitaraua iragartzeko argitaratu zuten kartelak zioen moduan “gazteria berpizten” ari dela diote, “eta hori oso positiboa da. Motibazio asko dago gazteengan. Jendea gogoz ikusten da bai Gazte Egunerako, bai aurrera begira zerbait egiten hasteko ere”.
Ez zuten abiaturiko dinamika, Gazte Egunera mugatu nahi, “denok bat egin genuen, gazteen arteko harremanak sendotzeko mugimendu bat falta dela adieraztean”. Horregatik antolatu zuten Gazte Eguna, mugimendu berreraikitzeko abiapuntu izateko eta herrian “guretzat eskaintza” izateko. “Ez badago eskaintzarik, lokalismoan erortzen gara, koadrila eta inkomunikazio egoeretan. Horregatik, goazen gazteok elkartu eta gazte orori begirako ekimenak egitera, mugimendu bat egon dadin”, antolatzaileen esanetan.
Ondoko irudian, aurreko ostiralean Usurbilgo Ernaik herriko gazte eragileekin osatu duen diagnosia eta abenduan Barañainen ospatuko diren Gazteraiki topaketak aurkezteko Potxoenean egin zuten aurkezpen ekitaldia.