Greban egon diren bost hilabeteotan zehar, lantegi ataritik igarotzerakoan elkartasuna adierazteagatik herritarrak eskertu nahi dituzte Ingemarreko langileek. Baita errifak saldu nahiz erosten lagundu duten tabernari eta herritarrei. Usurbilgo Udala ere eskertu nahi dute, negoziazio prozesuan zehar eman duen laguntzagatik. Eta Usurbil F.T., futbolean dabiltzan zenbait langileren seme-alabak laguntzeko erakutsi duen prestutasunagatik. Greba amaitu dute, akordio batekin gainera, eta lorpen hau nabarmentzeko modukoa da. Gogorarazten dutenez ordea, langileok eskubideen defentsan hasitako borroka ez da hemen amaitzen.
Akordioa gauzatzea, hurrengo urratsa
Duela bost hilabete hasitako greba mugagabea amaitutzat eman du Ingemarreko langileen batzordeak. Azken hilabeteotan, Ingemarreko langileak, zuzendaritza eta erakundeek eginiko negoziazio prozesua akordio bat erdietsiz borobildu zuten. Ostegun arratsaldean egin zuten batzarrean onartu zuten langileek. "Lortu den akordioaren arabera 51 laguneko plantilla mantenduko da, Usurbilen jarduera produktiboa bermatuko duen Bideragarritasun Plana egingo da, akziodunen batzarrak kapitala zabaltzeko erabakia hartuko du, eta proiektuan erakundeak inplikatuko dira", jakinarazi du ohar bidez, Ingemarreko langileen batzordeak.
Akordio hau sinatu eta gauzatzeko jorratzeko bide bat dagoela jakin arren, bide horretan garaipen garrantzitsua da aldeek erdietsi duten akordioa. Adostasunera heltzeko giltzarritzat jo dute hilabeteotan egin duten borroka. "Usurbilgo Ingemarreko langileen borrokak beste behin erakutsi du enpresa bat deslokalizatzeko saioen aurrean, batasuna, borroka eta borondate irmoa direla giltzarriak, enpresen erabakiak aldarazi eta geure industria-sarea mantentzeko", gogorarazten dute.
Horren erakusgarri hilabeteotan, inbertitzaileak bilatzeko egin duten ahalegina edota bost hilabetez luzatu den greba mugagabea. "2016ko urtarrilean jakin zutenetik enpresak jarduera industriala bukatzeko erabakia hartu nahi zuela. Langileek, ELAko 4 delegatu eta LABeko 1ek ordezkatzen dituztelarik, inbertitzaileak bilatzeko prozesuari ekin zioten; hainbat kasutan fruitua ematekotan izan zen, baina azkenean denak hutsean geratu ziren. Orduan, zuzendaritza derrigortu genuen lantegiari irtenbide industrial bat ematera. Ez geunden itxiera, ez jarduera industrialaren bukaera onartzeko prest. Horregatik, ekainean mugagabeko greba hasi genuen. Hasieratik langile guztiek jarraitutako grebak taldearen jarduera trabatu egin du, eta zuzendaritzak proposamenak egin behar izan ditu, akordioa iristeraino", deskribatu du Ingemarreko langileen batzordeak.
Akordio honekin, greba mugagabea amaitutzat eman dute langileek. Lanera itzuliko dira, nahiz aipatu moduan, erdietsi berri duten akordio hau gauzatzeko ere bide bat jorratu beharko duten orain.