Euskal Herriko beste hainbat udalerri bezala, Usurbil ere erabakitzeko aroan murgiltzera doa. 2017ko maiatzerako erabakitze eskubidearen inguruko galdeketa antolatzeko proposamena egin du Usurbilgo Gure Esku Dago taldeak. Herritarren laguntza ezinbestekoa izango denez, lehen batzarrera hitzartu gaituzte, azaroaren 26an 12:00etan Potxoenean. "Erabakitzeko Eskubidearen aldeko olatua indarra hartzen ari da Euskal Herrian... batuko gara Usurbildarrok olatu horretara? Zure esku dago!! Larunbat goizean Potxoenean elkartuko gara, galdeketa burutzeko lehenengo urratsekin hasteko. Zure zain egongo gara!".
Erabakitze eskubidearen aldeko mugimendua berraktibatzeko baliatu nahi zenukete datorren batzarra?
Xabier Alustiza: Ibilbide luzeagoko mugimendu honetan, erabakitzeko aroa martxan jartzeko unea da. Olatu handi bat sortu da Euskal Herrian, herri askotan zehar egiten ari diren erabakitze eskubidearen inguruko galdeketekin. Etxarri Aranatzen hasi zirenetik, leku askotan egin dira eta askotan egingo dira galdeketak 2017. urtean. Usurbilen ere iruditzen zaigu olatu horretara igo behar garela, ezin garela kanpoan geratu. Horretarako, epe jakin baterako, elkarte bat osatuko da.
Herri galdeketa kudeatzea helburu izango duena.
X.A.: Bai. Izen bat jarri beharko diogu, beste herrietan egin den antzera. Horretarako da bilerarako deialdi hau. Jendeak jakin dezala eskatuko diogula epe jakin baterako konpromisoa edo lana.
2017ko maiatzean egin nahi da herri galdeketa. Hortik aurrerakoa lantzeke dago?
Julen Arteaga: 2017an jakintzat ematen da herrian galdeketa egingo dela, baina jendearen laguntza beharko da. Ez bakarrik lan egiteko, baita ideia berriak ekarriko dituen jendea. Jendea animatzen dugu etortzera, ze lan egingo den ikustera. Bakoitzak ikusiko du ze mailatan parte hartu dezakeen.
Olatz Leoz: Ez dadila izan lau lagunen arteko lan bat, baizik eta herri mailan talde batek osatu eta aurrera bultzaturikoa.
X.A.: Talde sustatzaile bat egongo da eta talde honek izango du antolakuntzaren ardura. Aprobetxatu dezakegu beste herrietan izan duten esperientzia. Gure asmoa, besteen esperientziak baliatzea da eta horretan bidea erdi egina badugu. Badakigu zergatik eta nola sortu behar den elkartea, baina ez genuen horrekin hasi nahi, jendearen parte hartzea izan arte.
Haritz Zubiaur: Elkartea sortu nahi da, sinadura bilketa bat egin jendea ere kutsatzeko eta inplikatzeko langintza horretan.
Berriki erraustegiari buruz eginiko herri galdeketa, eredu gisa baliagarria izango da 2017ko galdeketarako?
H.Z.: Onuragarria, jendeak egin duelako botoa emateko ariketa, loteslea izan ez den galdeketa batean. Antolaketa mailan jendeak esperientzia bat badauka, protokoloak ere hor daude eta gauza asko aldeko daude. Baina lanean hasi behar dugu.
O.L.: Ez da oso desberdina izango, erraustegiari buruz egin den galdeketarekiko. Aurrerapen moduan hartu dezakegu herri galdeketa hori. Hor ere ikusi da zer lan egin den eta zer lan eskatuko duen beste herri galdeketa batek.
X.A.: Errausketaren inguruko herri galdeketak bestea atzeratu du, oso garbi ezberdindu nahi genituelako. Herri galdeketa honetan nabarmendu nahiko genuken puntu bat zera da, lan talderako aurkitu bahi ditugun herritarrak ideologia anitzekoak izatea, ekarpen desberdinak jaso ahal izateko asmoarekin. Denentzako lekua izatea nahiko genuke.
Nola ikusten duzue galdeketen inguruan sortzen ari den mugimendua?
J.A.: Ilusioz bizitzeko prozesua da. Badirudi ez garela jabetzen herritarrak gauza asko egin ditzakegula. Usurbilgo galdeketaren ostean, ez da itzaliko den mugimendua izango. Katalunian ere hala hasi ziren, herri txiki batean eginiko galdeketarekin. Gero hiri handiagoetara joan zen. Horrek oraindik bukatu ez den aldaketa betean dira. Hango prozesuak parte hartzearen eta erabakide eskubidearen inguruan ireki ditu eztabaida batzuk, duela urte batzuk bazirudiena betatuak zeudenak edo tabu zirenak, gaur egun kataluniarrek onartuak dituen gauzak dira.
H.Z.: Mugimendua osasuntsu dago. Ekitaldi masiboak hasierakoak izan ziren, baina bada jende bat ikuspegi luzea eman nahi diona eta nobedadeak etorriko dira hurrengo urteetan ere. Erakundeek bere espazioa dute baina herritarrek badute bere esparrua eta hori oso ondo islatu dezake mugimendu honek.
X.A.: Bidea egiten egingo dugu eta lortuko dugu. Inoiz ez dugu erabakitzeko aukerarik izan eta badakigu erabakitzeko eskubidea eta gogoa dugula. Bidea eginez lortuko da, geldirik geratzen bagara ezer ez dugu lortuko.