Lehiaketa: "Euskarari zein esaldi eskainiko zenioke?"

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 23a, 10:29

Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunari begira, eta Ez Dok Amairuren 50. urtemugarekin bat eginez, jaialdi bat antolatzen dabil herriko artixten taldea. Hitzordu honi begira, herritarren parte hartzea sustatzeko lehiaketa bat jarri dute martxan. "Euskarari zein esaldi eskainiko zenioke?". Zuen erantzunak Etumeta AEK euskaltegian, Sutegi udal liburutegian, Udarregi Ikastolaren eraikinetan eta Oiardo Kiroldegian jarriko diren postontzietan utzi ditzakezue. "Bertan utzi beharko da esaldia, norbere izen-abizenak jarrita", ohartarazi dute antolatzaileek.

Emailez ere egin dezakezue zuen ekarpena, artixtak@gmail.com helbidera idatziz. Abenduaren 1era arteko parte hartzeko epea egongo da. Irabazlearen izena, abenduaren 3an, Euskararen Egunean antolatu duten jaialdian emango dute ezagutzera.

Euskararen Eguna

Abenduak 3, larunbata

18:00 Euskararen Eguna eta Ez Dok Amairuren 50. urteurrena ospatzeko kultur jaialdia Mikel Laboa plazan. Musika, dantza, ikus-entzunezkoak, olerkiak, antzerkia, kantua... izango dira gerturatzen direnen gozamenerako.

Antolatzaileak: herriko artixtak.

Abenduak 5, astelehena

12:00 Udarregi Ikastolako eta Aginagako Herri Ikastetxeko ikasleen kantaldia Mikel Laboa plazan. Imanol Urbieta omenduko dute.