Ibilaldi eta ariketa fisikoen bidez, bizi ohitura osasuntsuak sustatzen dituen "Goazen kalera!" egitasmoak lehen hilabeteko bidea osatu du. Adineko eta dibertsitate funtzionala duten herritarrei zuzenduriko ekimen honetan, 96 lagun izena emanda daude. Begi bistakoa da beraz, ekimena izaten ari den arrakasta. Asteazkenero biltzen dira, herritik barrena paseotxoa egin edota sasoian mantentzeko ariketak egitera. Gaurkoan giro desatsegin askoa zuten arren, 43 bat lagunek ez dute hutsik egin haien asteroko hitzordura. Amaiera berezia izan du gainera. Artzabalgo ekitaldi aretoko ohiko hamaiketako dastatzeaz gain, asteazken honetan, "Goazen kalera" proiektu honen sustatzaile nagusia omendu baitute; uztailean mendian zendu zen Tiburtxio Arruti usurbildarra.
"Gaurko saio hau aprobetxatu nahi nuke, lan honetan bereziki inplikatu eta beretik asko eman duen pertsona bat gogorarazteko. Tiburtxio ekarri nahi dugu gogora, iruditzen zaigulako, zuek zarete horren lekuko, egitasmo honek asko duela beretik eta berak asko eman diola proiektu honi, eta zor bat badugula berarekin", zioen Usurbilgo Udaleko alkate Xabier Arregik, Tiburtxiok bigarren etxea zuen Artzabalgo ekitaldi aretoan.
"Oso ondo biltzen du Tiburtxioren izaera"
Alkatearen esanetan, parte hartze aldetik benetan arrakastatsua suertatzen ari den "Goazen kalera" egitasmoak, "oso ondo biltzen du Tiburtxioren izaera. Oso gustukoa zuen mendia, ibiltzea, kalean, naturarekin harremanetan egotea. Bestetik, Tiburtxioren izaeran oso nabarmentzekoa da bere herrigintzarako grina. Gaur egunean, zoritxarrez, indibidualismoa, norbere zilborrari begira bizitzea hain ohikoa denean, Tiburtxiok beste balore batzuk zituen, oso nabarmen erakusten zituen gainera. Beti ari zen auzolanari eta talde lanari begira. Proiektu honetan bertan, zenbat ordu eta ahalegin egin dituen. Herrigintzan aritzen den Tiburtxio bezalako pertsona bat oso eredugarria da eta berak egindakoa oso handia izan da". Hutsune handia utzi duela, eta utzi duen arrastoa "beti gurekin eramango dugula" aipatu du. Esker oneko hitzak baino ez dituela esanez amaitu ditu Arregik, bere adierazpenak. Tiburtxioren omenez, enbor zati batean tailatutako bertso bat zuen plaka bat jarri dute, Artzabalgo ekitaldi aretoko horman. Inazio Usarraldek idatzitakoa da bertsoa. Omenaldian zehar abestu du alkateak, Tiburtxioren bidelagun izan den Arantzazu Aranburu alboan zuela.
Esker oneko agertu da hain zuzen Arantzazu. Udalaren eskutik, Usurbilgo herriaren izenean, bertsoaren kopia eta lore sorta bana jaso ditu txalo artean. "Eskerrik asko guztioi, Tiburtxioren, neure eta familia osoaren izenean. Bere huts egiteak izango zituen, baina egin duena ere handia izan da. Ilusioz betetako ibilaldia izan zuen. Hemen islatzen da, etxean eta kalean ere bai. Guretzat, eta neuretzako partikularki oso pozgarria da. Eta poz handi handia ematen didana da berak utzitako eredu honetan, edo denon artean eraikitako urrats horietan barrena aurrera egiten duzuela, jarraitzeko grina eta ilusio guztia ikusten dizuedala. Beraz eskerrik asko eta jarrai holaxe!", adierazi die Arantzazuk ekitaldira bertaraturikoei.
Sarituak
"Goazen kalera" egitasmoa elkarlanean aurrera atera da Udala eta herri eragile ezberdinen artean. Tartean, Hurbilago Elkarteak ere parte hartzen du. Aldiro, zozketak egiten dituzte ibilaldiotan parte hartzen duten herritarren artean. Gaur bezala. Arantxa Sagardia eta Pedro Franco herritarrak izan dira sarituak. Juantxo burdindedan erosketak egiteko balea eta Alkartasuna Nekazal Kooperatibako produktu sorta irabazi dituzte hurrenez hurren. Sarituon irudiak eta Tiburtxio Arrutiri egin zaion omenaldi sentituaren argazki gehiago dituzue segidan.
TIBURTZIO ARRUTIRI
Uztailean samindurak
gogor jo digu atean
Tiburtzio, zure berri
Artzabalen jakitean.
Ordutikan hustasuna
bizi da Gure Pakean.
Horma hauek hitz egiten
balekite bat-batean.
Lanean bakana zinen,
asperdurari atakean,
antolakuntza lanetan
zu inoiz ez apartean.
Berdinduko al zaitugu
zeneukan borondatean?
Gugan ibiliko zara
kalera goazen artean (bis).
Doinua: Habanera.