50 laguntzaile behar ditu GuraSOSek, larunbateko manifestaziorako

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 23a, 13:22

Azaroaren 26rako Donostian antolatu duen manifestaziorako laguntza eskatu du GuraSOSek, sare sozialen bidez. "Zuen laguntza behar dugu! 50 bolondres behar ditugu larunbaterako! Laguntzeko prest bazaude, jarri harremanetan komunikazioa@gurasos.org helbidera idatzita. Lagundu albiste hau zure lagunen artean zabaltzen!", eskatu dute guraso taldetik.

"Gizartearen ardura da"

GuraSOSek larunbaterako manifestazioa deitu du Donostian. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da, Euskotrenen Amarako geltoki pareko Araba parkea eta Mendeurren Plaza ingurutik, "Gipuzkoa +: eman bidea Osasuna eta Adostasunari" aldarripean. Taldearen bide orria babestu, erraustegiaren lizitazioa gelditzea eskatu eta gai honen inguruan adostasuna lortzeko garaiz gaudela aldarrikatuko da, Alderdi Ederren amaituko den mobilizazioan zehar. "Gizarte osoari dei egiten dio guztion artean adostutako irtenbide bat bilatzeko. Guztion erantzukizuna delako", azpimarratu dute, erraustegiak haien seme-alaben osasunarengan izan dezakeen eraginarekiko kezka duen guraso taldetik.

Kezkatzeko modukoa baita, dugun panorama. "Eusko Jaurlaritzak 30 kilometrotako erradioa duen eragin eremua aitortzen du. Eragin eremu horretan, 69.000 haur baino gehiago aurkitzen dira. Donostia 5-10 kilometroko erradioaren barruan dago eta bertan, 35.000 haur inguru daude. Hondakinen errausketak osasunean kalteak eragin ditzake. Zaborrak tratatzeko osasunean zehar kalte gutxien sorraratzen duen metodoa bilatu beharko litzateke, kostu ekonomikoa edo bestelako arrazoiak kontuan hartu gabe", gogorarazten dute guraso taldetik.

Egoera zein den ikusita, osasunari eta adostasunari bide emateko, azaroaren 26an Donostian deitu duten manifestaziora joatera deitzen gaituzte. "Orain inoiz baino gehiago, gizartearen ardura da. Gure seme-alabengatik adostasuna lortu behar dugu. Azaroaren 26an denok Donostiara!", azpimarratzen dute.

Mobilizazioa aurreko ostegunean aurkeztu zuten Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Hondakinen afera konpontzeko 8 puntuko bide-orria ere aurkeztu zuten. Honatx bide-orriak dioena, bere osotasunean:

http://www.noaua.eus/2016/11/17/konponbiderako-b…ztu-du-gurasosek/