Ezohiko osteguna Kantu Taldearentzat. Astearteetan egin ohi duten entsegu saioa gaur egingo baitute, larunbaterako antolatua duten kantu-jira berezia prestatzeko, 18:30-19:30 artean Udarregi Ikastolako kantu gelan. Txistulariekin batera entseatuko dute.
Udazken honetan gure artetik joan zen Imanol Urbieta musikari zarauztarra omentzeko baliatuko baita, jendetsua izatea aurreikusten den hitzordua. Bere abestiak kantatuko dituzte. Ekitaldia jendetsua izango dela diogu, bi herri batuko dituela omenaldiak; Usurbil eta Zarauzko kantuzale eta musikariak.
Bi udalerriotako kantari eta txistulariek parte hartuko dute. Urbietaren emazte Kontxi Aizarna ere kantu-jirara dator baita. Bi udalerriotako lotura eta koordinazio lana, Jaione Eskudero Udarregi Ikastolako musika irakaslea ari da bideratzen. Parte hartzeko gonbita luzatzen du. "Kantu asko daude. Ikastolan ere landu ditugun lanak ere bai. Animatzen ditugu ikastolako umeak ere gurekin elkartzera. Abestera etortzeko lotsarik ez izan. Ez geratu gogoz", jende oro kantura animatzen du Eskuderok.
Lekuko aldaketa
Ikastolako musika irakasleak, Kantu Taldearen sorreratik bideratzaile lanetan jardun duen Susi Elosegik utzitako lekukoa hartuko du aurrerantzean. Jaione dugu kantu-jirako eta kantu zaletuen ikastoroko gidari berria. Erronka berria ilusioz hartu duela adierazi dio NOAUA!ri, astekari honetarako eskaini duen elkarrizketan.
Kantu Taldearen hitzorduak
Azaroak 24, osteguna
18:30-19:30 Kantu-jira prestatzeko entsegua txistulariekin, Udarregi Ikastolako kantu gelan.
Azaroak 26, larunbata
19:00 Imanol Urbieta omenduko duen kantu-jira berezia, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
Oharrak:
-Kantu-jirarako kantu liburuxka berriak eskuragarri NOAUA!n, 5 euroren truke.
-Kantu Taldearen entseguak, asteartero 18:30-19:30 artean Udarregi Ikastolako kantu gelan.
Antolatzailea: Usurbilgo Kantu Taldea.