"Musikalean" ekimena ospatuko dute gaur

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 24a, 02:18

Azaroaren 22an izaten da Santa Zezili, Musikarien Eguna. Ostegun honetan ospatuko dute ordea Zumarte Musika Eskolakoek. Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak, musika eskolakoen lanketa plazara aterarazten duen Musikalean ekimenaren bat egin du aurten ere Zumartek. Ohi bezala, lehenbizi kalejira egingo dute, eta gero, kontzertua eskainiko dute Sutegin. Aurten berrikuntza batekin gainera; Orbeldi Dantza Taldekoek ere parte hartuko baitute kalejiran. "Maketume" eta "Alunelul" abestiak dantzatuko dituzte. Honenbestez, dantza taldeko kideak ere Musikalean ekimenean parte hartzera gonbidatzen dituzte Zumartekoek.

Musikalean ekimenaz gain, astebururako hitzordu gehiago iragarri dituzte musika eskolatik. Batetik, musika tailerra antolatu dute larunbaterako. Bestalde, Zumarte Gazte Abesbatzakoak asteburu pasa doaz Hondarribira. Gazte Koruen 9. tailerrean parte hartu eta eginiko lanketa Donostiako Tabakaleran eskainiko duten kontzertu batekin borobilduko dute igandean:

Musikari eta abeslarien asteburua

Azaroak 24, osteguna

Musikalean ekimena, Santa Zeziliren omenez:

18:00 Kalejira Zumarte Musika Eskolatik. Parte hartzaileak: Musika Txokoa 1. eta 2.maila, Musika Mintzaira eta 1.mailako ikasleak, Trikitilari-Panderojoleak, Musika Eskolako Txaranga, dantza taldeko kideak bertan Trikitixa-pandero taldea, Musika Txokoko eta abesbatzako ikasleekin lagunduta. Orbeldi Dantza Taldekoek bi dantza eskainiko dituzte.

19:00 Zumarte Musika Eskolako talde instrumentalen kontzertua Sutegiko auditorioan. Sarrera doan.

Azaroak 26, larunbata

Goizean, 0-3 urte arteko haurrentzako "Lalala soinu gela" musika tailerra Zumarte Musika Eskolako ganbaran. 0-3 urte arteko 33 haur-familiek eman dute izena.

Azaroak 27, igandea

17:30 Asteburuan Hondarribian antolaturiko Gazte Koruen IX. tailerrean parte hartu dutenen kontzertua, Donostiako Tabakaleran. Parte hartzaileen artean, Zumarte Abesbatza gazteko kideak. Sarrera doan. Antolatzailea: Gipuzkoako Abesbatzen Federazioa.

Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.