Bi egun baino ez, GuraSOSek Donostian deitu duen manifestaziorako. Hondakinen afera konpontzeko adostasunari eta osasunari bide ematea eskatuko da hiriburuko kaleetan larunbatean, 17:00etan, Euskotrenen Amarako geltoki pareko Araba parkea eta Mendeurren Plaza ingurutik abiatuta. Gogoan izan, manifestazioaren antolaketa lanetan laguntzeko 50 boluntario behar dituela guraso taldeak. "Laguntzeko prest bazaude, jarri harremanetan komunikazioa@gurasos.org helbidera idatzita. Lagundu albiste hau zure lagunen artean zabaltzen!", eskatu dute guraso taldetik.
Mobilizazioari begira, hondakinen gaian dagoen arazoa konpontzeko informazioa, eztabaida eta irtenbide adostua eskatzen duten zenbait aurpegi ezagunen lekukotzak bildu ditu GuraSOSek:
Arantxa Urretabizkaia, idazlea
Adostasunera heltzeko informazioa eta eztabaida egotea eskatzen du Urretabizkaiak. "Erraustegiaren eraginen inguruan iritzi ezberdinak daudela ez dago zalantzarik. Baina ezberdin pentsatzeak etsai bihurtzen gaitu? Argi dudana da, hondakinen inguruan, gainerako gaietan bezala, irtenbiderik onena adostasunez hartutakoa dela. Beraz, zabaldu bidea informazioari, eztabaidari eta izan beti adostasuna helburu".
Imanol Agirretxe eta Asier Illarramendi, Realeko jokalariak
Erraustegia eraiki nahi duten gunetik oso gertu dago Real Sociedad futbol taldeak entrenamendu saioetarako baliatzen duen zelaia. Taldeko bi jokalarik, Imanol Agirretxe usurbildarrak eta Asier Illarramendik, gai honekiko kezka agertu, informazioa eskatu eta irtenbide osasuntsu baten alde agertu dira, GuraSOSek eginiko grabazioan. "Donostiako erraustegia hemen bertan eraikitzea aurreikusia dago, kirola egiten dugun instalakuntzetatik kilometro bat baino gutxiagora. Hantxe entrenatzen dugu egunero. Gutaz gain, Gipuzkoako haur askok ere bai. Horren aurrean gipuzkoarrok informazioa behar dugu, eta gaian adituak direnen arteko eztabaida. Dena, helburu bakarrarekin. Gure osasunarentzat onuragarria den irtenbide adostu bat lortzea", adierazi dute Agirretxek eta Illarramendik.
Garbiñe Biurrun, epailea
Hondakinen aferaren inguruko hainbat galdera planteatzen ditu Garbiñe Biurrun epaileak, herritarrok hitza hartzeko dugun eskubidea defendatzearekin batera. "Hondakinen errausketaren inguruan posible al da gaur egun bermatzea eragin edo arriskurik ez duela izango? Zer nolako informazioa dugu? Errausketa baino seguruagoak eta bideragarriagoak diren beste aukeren inguruko benetako eztabaida egin da? Nola ukatuko zaigu deliberazio parte hartze prozesu bat hasteko eskubidea? Hori ukaezina da. Noski gaudela oraindik garaiz. Beti da garaia gure etorkizunaz mintzatzeko, eztabaidatzeko eta erabakitzeko. Eta jakina, eskubide hori guri dagokigu, eta aitortu egin behar zaigu".
Gorka Otxoa, aktorea
"Donostiarrok informazioa nahi dugu eta benetako eztabaida bat egin dadila arloko adituen artean, gure osasuna gehien babesten duen konponbidea adosteko". Gorka Otxoa aktore ezagunaren hitzak dira honako hauek. Otxoak donostiarrei galdetzen die, ia kezkatuak egoteko arrazoirik ba ote duten, Zubietan eraiki asmo dagoen erraustegiari dagokionean. "Zerorrek erabaki" dio.
Aurpegi ezagunen grabazioak
Arantxa Urretabizkaia, idazlea
Imanol Agirretxe eta Asier Illarramendi, Realeko futbol jokalariak