Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna dugu ostiral hau. Azaroaren 25a gainera, hilabeteko azkena izanik, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde mobilizatzeko eguna ere izan ohi da. Matrakak Usurbilgo Talde Feministak eta Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak, bi hitzorduak, ostiral iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan egingo den elkarretaratze bakarrean bateratu dituzte.
Mobilizazioa, “Arantza Zulueta presoaren kasua salatzeko erabiliko dugu”, iragarri dute. 2010az geroztik hirutan atxilotu duten abokatua, egun “Puerto III kartzelan dute preso, Cadizen, etxetik 980 kilometrotara”. Bakartua, 24tik 20 ordu ziega barruan. Bakartzetik atera eta libre uztea eskatuko da azaroaren 25eko mobilizazioan. Elkartasun feminista ere azaldu nahi diote Euskal Herriko 40 bat eragileek egin duten moduan. Zuluetak bizi duen egoerari, “genero aldagaiak emakume presoengan, eta beraz, baita gure herrikide Olatz Lasagabasterrengan ere, duen eragina gehitu behar diogu, orokorrean espetxeak gizonezkoentzat prestatutako unibertso zurrunak baitira”.
Ondo baino hobeto dakite hori, espetxe barrua ezagutu duten euskal preso emakumezko usurbildarrek. Olatz Altuna eta Marisa Alejandroren lekukotzak bildu ditugu, jada web orri honetan bertan irakurtzeko moduan duzuen aste honetako NOAUA! aldizkarian.
Mobilizazioaren aurretik, solasaldia antolatu dute Potxoenean. Aurtengo azaroaren 25a, haurrek pairatzen duten indarkeria patriarkala salatzeko ere baliatu nahi baitute Matrakek:
Azaroak 25, ostirala
18:00 “Ez arros, ez urdin, jostailuak haurrentzat berdin” solasaldia Potxoenean.
Hizlaria: Clara Wolfram.
Sarrera: Angela Carterren “Errauskine” ipuina moldatuta, Ixabel Agirresarobe herritarraren eskutik.
Elkarlanean: Matrakak, Usurbilgo Udala eta Hitz Aho.
20:00 Arantza Zulueta euskal presoak bizi duen egoera bidegabea salatzeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. Eguraldi txarra eginez gero, frontoian.
Elkarlanean: Matrakak eta Usurbilen Nahi Ditugu.
Arratsaldean zehar, “Matxismoak eraildako emakumeen urratsak” oroitzapen ekitaldia.