Kalea musikatu dute Zumarteko kideek

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 24a, 21:08

Santa Zezili eguneko ospakizunei lotuta, eta Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteko deialdiarekin bat eginez, Zumartekoak kalejiran irten dira ostegun iluntze honetan. Musika Txokoa 1. eta 2.mailakoek, Musika Mintzaira eta 1.mailako ikasleek, Trikitilari-Panderojoleek edota Musika Eskolako Txarangak parte hartu dute. Bidelagun ugari batu zaizkie musika eskolan hasi eta Kaxkotik barrena frontoian amaitu duten ibilaldira.

Zumartekoek musika eta musikariak plazara atera dituzte lehenik, eta Sutegiko auditoriora eraman dituzte gero. Talde instrumentalen kontzertu paregabeaz gozatu ahal izan dugu. Gaurko ospakizunekin batera, Zumartekoek astebururako hitzordu gehiago iragarri dituzte. Batetik, musika tailerra antolatu dute larunbaterako. Bestalde, Zumarte Gazte Abesbatzakoak asteburu pasa doaz Hondarribira. Gazte Koruen 9. tailerrean parte hartu eta eginiko lanketa Donostiako Tabakaleran eskainiko duten kontzertu batekin borobilduko dute igandean:

Musikari eta abeslarien asteburua

Azaroak 26, larunbata

Goizean, 0-3 urte arteko haurrentzako "Lalala soinu gela" musika tailerra Zumarte Musika Eskolako ganbaran. 0-3 urte arteko 33 haur-familiek eman dute izena.

Azaroak 27, igandea

17:30 Asteburuan Hondarribian antolaturiko Gazte Koruen IX. tailerrean parte hartu dutenen kontzertua, Donostiako Tabakaleran. Parte hartzaileen artean, Zumarte Abesbatza gazteko kideak. Sarrera doan. Antolatzailea: Gipuzkoako Abesbatzen Federazioa.

Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.