Taldeak aurkeztu berri duen bide orria babestu, erraustegiaren lizitazioa gelditzea eskatu eta gai honen inguruan adostasuna lortzeko garaiz gaudela aldarrikatuko da larunbatean, azaroaren 26an Donostiako kaleetan, GuraSOSek deitu duen manifestazio erraldoian. 17:00etan abiatuko da Amarako Euskotrenen geltoki pareko Araba parkea eta Mendeurren plaza ingurutik eta Alderdi Ederren amaituko da. Erraustegiak seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginagatik kezkaturiko guraso taldeak, "gizarte osoari dei egiten dio guztion artean adostutako irtenbide bat bilatzeko. Guztion erantzukizuna delako".
Gipuzkoarrontzat hobea den bide alternatibo bat jorratu nahi dugula eskatuko da mobilizazioaren bidez. "Gai honen irtenbidea guztion eskuetan dago, zure eskuetan dago, eta manifestazioarekin jendeari aukera eman nahi diogu azal dezaten horixe bera, beste bide bati ekin nahi diogula gipuzkoarrok. Gipuzkoarrentzat hobea den bide bat", azaldu dute manifestazioko deitzaileek.
Hondakinen gaian hain zuzen, GuraSOSek "ahalik eta berme gehien edo kalte gutxien irtenbideari eman behar zaiola bide uste du eta hainbat galdera planteatzen ditu: Posible al da arrisku edo eraginik egongo ez denaren bermea edukitzea? Egon al da errausketa baino seguruagoak eta bideragarriagoak diren beste aukerei buruzko benetako eztabaidarik? Beharrezkoa al da erraustegia egitea? Garaiz al gaude birpentsatzeko? Galdera asko daude airean, eta asko dago oraindik hitz egiteko eta adosteko". Eta oraindik garaiz gaudela diote, "izan ere, inoiz ez da berandu segurtasuna areagotu eta osasunarentzat eragin txikiena duen hondakin tratamendua bilatzeko".
Inposizioaren garaia atzean utzi eta adostasunaren bideari heltzeko eskaera gein dute. "Gai hau liskar eremutik atera behar dugu. Gainditu egin behar dugu konfrontamenduaren garaia. Eta horretarako eredu propioa sortu behar dugu, hemengoa, Gipuzkoakoa. Gipuzkoa onena nahi dugulako. Gipuzkoarentzat eta gure osasunarentzat ere gehiago nahi dugulako. Gure seme-alabentzat gehiago nahi dugulako, beraientzat onena dena. Eta hori guztion artean egingo dugu».
Antolaketarako laguntza beharrean
"Gipuzkoa +: eman bidea Osasuna eta Adostasunari" aldarripean egingo den manifestazioaren prestaketa lanetarako eta egunean bertan sortuko diren lanetarako laguntza beharko du GuraSOSek. Taldeak "deia egiten du manifestazioa prestatzen zein egunean laguntzeko prest daudenei komunikazioa@gurasos.org helbidera idatz dezakezu". Bestalde, segidan duzue manifestazioari begira kaleratu duten kartela. Lau haizeetara zabaltzeko deia egin du GuraSOSek.
Informazio gehiago: