Hausnarketarako eta jai giroan murgiltzeko aukera, larunbateko Gazte Egunean

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 25a, 07:32

Herriko gazteen arteko harremanak sendotu eta gazte mugimendua berreraiki asmoz, hasi ziren antolatzen iaz Gazte Eguna, “batez ere ikusten genuelako gazteok ez ginela batera ibiltzen, kalean ere gazteon mugimenduaren presentziarik ez dagoelako”. Esperientzia errepikatzera doaz larunbat honetan.

"Zure laguntza eskatzen dugu, elkarbizitza bermatzeko"

Ekimenez beteriko asteburua datorkigu berriz. Tartean, frontoia izango da hitzordu batzuen bilgunea; bai behintzat Gazte eta Erle Egunena. “Horregatik dei egin nahi diegu, Gazte Egunaren antolatzaileon izenean, Gazte Egunean parte hartu eta gozatzeko asmoa duen orori, Erle Eguneko prestaketa eta muntaketa lanak errespeta eta babes ditzaten. Demako postuen egiturak, zintzilikaturiko erleak… Ostiralean utzi bezala egon behar dira igande goizean. Zure laguntza eta begirunea eskatzen dugu, elkarbizitza bermatzeko, gure hitza betetzeko”, ohartarazi dute Gazte Eguneko antolatzaileek.

Erle Egunekoekin adostu dute frontoiaren erabilera. “Jakina da astebururo astebururo dimentsio eta izaera ezberdinetako ekimenak antolatzen ditugula hemen, Usurbilen. Eta noski, garai hauetan eguraldia bide-lagun arriskutsua denez, frontoia bihurtzen da jai giroaren aterpe eta topagune. Ondorioz, erreferentziazko gune hau erabiltzerako orduan zeinbait ika-mika ere sortu izan dira. Gauzak horrela, ez da salbuespena izan azaroaren 26-27ko asteburua, non Usurbilgo Gazte Egunak eta Erle Egunak bat egingo duten. Hortaz, bi jai egun hauen antolatzaileok, elkarrekin akordio batera heldu eta bi egitarauak frontoian garatzea adostu dugu, elkarrekiko errespetua giltzarri moduan ipiniz”, adierazi dute.

Herriko gazteen arteko harremanak sendotu eta Usurbilen gazteen mugimendua berreraikitzeko abiapuntu izan nahi zuen duela urtebete antolatu eta ospatu zen Gazte Egunak. Dinamika horri segida emango diote, larunbat honetarako, azaroaren 26rako antolatu dituzten egun osoko ekimenekin. Ahalduntzea, eta jai giroko ekitaldiak tartekatu dituzte egitarauan. Baina batez ere, parte hartzailea izango da, ate joka dugun Gazte Egunaren edizio berria.

Gazte Eguna

Azaroak 26, larunbata

08:30 Auzolanerako deialdia muntaketarako.

10:00 Mahai ingurua: "Gazte perspektiba: Usurbilgo errealitatea ezagutzen".

11:30 Gazte Olinpiadak.

Oharra: frontoian elkartuko gara. Izena eman betiko tabernetan.

19:00 Elektro Txufla, elektrotxaranga.

21:00 Afaria. Sarrerak 12 eurotan, betiko tabernetan salgai.

00:00 Kontzertuak: Odolaren Mintzoa, Skasti eta DJ Seymar & XBR.

Gazteraiki topaketei begira

Usurbilgo gazte eragileen inguruan eginiko diagnosia aurkeztu zuen Usurbilgo Ernaik azaroaren 18an Potxoenean. Abenduaren 9tik 11ra Barañainen (Nafarroa) egingo diren Gazteraiki alternatibak eraikitzeko topaketen berri ere eman zuten saio berean. Gogoan izan, azaroaren 30era arte 25 eurotan eskura daitezkeela bonoak Irratin. Eta gero, gazteokeraikitzen.topatu.eus atarian izena eman beharra dagoela. Web orri berean jaso daiteke, topaketon inguruko behar beste argibideren berri.