Zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta datu kezkagarriagoak biltzen ari da Errausketa eta Osasuna Ikerketa Taldea (OEIT). Argi baino argiago utzi dute, erraustegien eta osasunaren artean lotura izan badela, ebidentea gainera. Nazioarte mailan egin diren kalitate hobereneko azterketa epidemiologiko ospetsuenetatik ateratako datuetan oinarritzen dute ebidentzia hau. Orain, baita hainbat azterlan toxikologikoetatik bildutako informazioan ere.
Azken aldian egin duten lanketari loturiko hainbat datu berri aurkeztu zituzten astelehenean, taldeak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin zuen agerraldian. Datu kezkagarri eta guztiz eskandalagarriak, OEIT-ren esanetan. Esaterako, Zabalgarbiko erraustegiari buruzkoak. Legediak onarturikoaren oso gainetik dago benetan tximiniatik aireratzen duten dioxina edo merkurio kopurua.
Mediku taldearen esanetan, gutxietsi ezin den beste emisioa, CO2arena da. Lehendik ere trafikoak edo industriaguneek eragindako CO2 isurketa nahikoa badugunez, erraustegia defendatzen dutenek diote ez dela hainbestekoa izango erraustegiak isuriko duen karbono dioxido kopurua. Kontrakoa diote OEIT-tik, eta ohartarazten dutenez, kutsadura partikula hauekiko zenbat eta esposizio handiagoa izan, orduan eta gehiago biometatzen doaz partikulok gure gorputzetan, gaixotzeko arriskua areagotuz.
Zoritxarrez, panorama hauxe izan dezakegu Zubietako erraustegia eraiki eta martxan jartzen badute. Hori gutxi ez eta, “kontrol maila eskasa” izango du aipatu plantak, mediku taldearen esanetan. 3 hilabetean behin kontrolatzea aurreikusten baita eta honenbestez, ez dugu jakingo benetan zer eta zenbat gai toxiko jaurtiko dituen erraustegiak airera. Isurketa kopurua legediak baimentzen duenaren gainetik badago ere ezta, eta horrek honenbestez, halako egoeren aurrean neurriak hartzea eragotziko du.
Legediak, bermerik ez
Erraustegiaren defendatzaileek diote, indarrean den legedia beteko dutela, baina OEIT-tik argi ohartarazten dute, horrek ez duela bermatzen erraustegiak gu guztion osasunean kalterik eragingo ez duenik. Ikusi besterik ez dago amiantoarekin zer gertatu den. “Osasunarentzat kaltegarria zela jakinda ere, 50 urte pasa dituzte kalteari mugak jartzen”, gogorarazten du mediku taldeak.
Horregatik, esku artean dituzten datu kezkagarriok Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkezteko saiakera bat baino gehiago egin dute. Baina gaurkoz ez dute erantzunik jaso. OEIT-k benetan beldurgarriak diren datuon aurrean, eta alternatiba ugari badirenez, arreta printzipioa aplikatu eta erraustegia ez eraikitzea eskatzen diote Aldundiari.
Zientzia jardunaldi batzuk antolatzekoak omen dira laster. Diputazioak dituen adituek ere bertan parte hartzeko desioa agertu zuten, asteleheneko agerraldian.
Kezkatzeko moduko arriskua
Azterlan epidemiologikoek diotena
-Heriotza tasa orokorra %19 hazi daiteke inguruko herritarren artean.
-10 kilometrotara, minbizi kasuen kopurua %3,5 igo daiteke.
-Minbizi mota batzuk gehiago: gibelekoa %29, biriketakoa %14.
-Sortzetikako malformazioak, abortuak, gaixotasun kardiobaskularrak, biriketakoak ere areagotu ditzake.
Azterlan toxikologikoek diotena
-Zabalgarbiko erraustegia: 235.000 tona CO2 isuri zituen 2014an. 165.000 ibilgailuk urtean 10.000 kilometro ibilita sortzen duten adina CO2.
-Gaixotasun askoren eragile den arseniko kopurua hirukoiztu da Zabalgarbin. Munduko Osasun Erakundearen arabera, oso gai arriskutsua da, gaixotasun askoren eragilea.
-Zubietako erraustegiak egunero aireratuko duen baimendutako dioxina eta merkurio kopurua, 3.780.000 haurrek edo 1.260.000 helduek arnastu edo irentsi dezaketena izango da. “Guztiz eskandalagarria” OEIT-tik diotenez.
-Baimendutakoa baino 250 aldiz merkurio gehiago isuriko luke Zubietako erraustegiak.
-Ez ahaztu, Zubietako erraustegiaren 30 kilometroko eragin eremuan, 69.000 haur baino gehiago daude, 35.000 haur 5-10 kilometroko tartean.
Kontrolik ez
-Isurketen kontrolak hiruhilabetekoak izango lirateke.
-Erraustegiaren dioxina emisio denboraren %0,3 kontrolatuko luke.
-Dioxina mota batzuk eta metal astun batzuk baino ez dira kontrolatuko. Erraustegiak isuriko lituzkeen beste gai asko ez.
OEIT-k baliatu dituen informazio iturriak: Osasunaren Mundu Erakundea, Tecnalia (Zabalgarbiri buruzko azterketa egin zuen 2014an), edota Zubietako erraustegiari Jaurlaritzak emandako ingurumen baimen bateratua.