Azaroaren 25eko eta hilabeteko azken ostiraleko aldarriek bat egin zuten bart. Arantza Zulueta euskal presoaren egoera bidegabea salatzeko batu ziren Matrakak Usurbilgo Talde Feminista eta Usurbilen Nahi Ditugu elkartea, eta haiekin bat egin zuten herritarrak. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna eta euskal preso eta iheslarien eskubideen alde elkarretaratze bateratua egin zen Mikel Laboa plazan, ostiral iluntzean.
Elkarretaratzearen erdigunean, zazpi zapata pare jarri zituzten, azken urtean matxismoak Euskal Herrian erahil dituen haur eta emakume bakoitzaren oroimenez. Ekitaldi amaieran, mobilizazioa deitu zuten bi herri eragileek segidan duzuen adierazpena irakurri zuten. Aurretik, “Ez arros, ez urdin, jostailuak haurrentzat berdin” gaiari buruz solasean aritu ziren Potxoenean, Clara Wolframekin, Matrakek, Udalak eta Hitz Ahok antolaturiko saioaren baitan. Ixabel Agirresarobe herritarrak egin zuen sarreratxoa; "Errauskiñe" ipuin moldatuaren inguruko kontaketa egin zuen.
Elkarretaratze eta solasaldiarekin oroitu nahi izan dute Matrakak taldeak, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna. Aurten, Arantza Zuluetaren egoera eta haurrek pairatzen duten indarkeria patriarkala salatu nahi izan dute.
Azaroak 25
Azaroak 25a da gaur, emakumeon aurkako indarkeriaren eguna, baina baita hileko azken ostirala ere. Horren harira, Usurbilen Nahi Dituguk eta Matrakak herriko talde feministak elkarlanean dei egin dugu elkarretaratze honetara. Arantza Zulueta presoaren kasua salatzeko erabiliko dugu.
Arantza Zulueta abokatua da eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboren bitartekarien taldean parte hartzen zuen espetxeratu zuten arte. 2010az geroztik hiru aldiz atxilotu dute: 2010eko apirilean, 2011ko uztailean eta 2014ko urtarrilaren. Gaur egun, Puerto III kartzelan daukate preso, Cadizen, etxetik 980 km-ra.
Ia hiru urte daramatza espetxean eta denbora horretan bakarturik egon da, espetxe zaindariekin ez beste inorekin harremanik izan gabe kasik, egunean ziega barruan 20 ordu ematen dituela. Hori salatzeko, azken bolada honetan ugaritu egin dira protestak eta ekinbideak; eta gaurkoan, Usurbilen Nahi Ditugu eta Matrakak talde feministak ere bat egin dugu Zulueta bakartzetik atera eta libre uzteko eskaerarekin.
Gogora ekarri nahi dugu nazioarteko erakunde askok torturatzat jotzen duela preso bat hamabost egun baino gehiago bakarturik edukitzea; Arantzak bi urte eta hamar hilabete daramatza egoera horretan. 20 ordu jarraian ematen ditu ziegan (gehiago ez denean), ondoren, 6 x 13 metroko patio batetara ateratzen dute, horma luze eta sabai itxia duenera. Bere ziegaren aldamenean, aire erauzgailu bat dago eta ondorioz, ziega barnean egon behar duen ordu luzeetan, zarata jasangaitza pairatu behar du.
Guzti honi, ikuspegi feministatik, genero aldagaiak emakume presoengan, eta beraz, baita gure herrikide Olatz Lasagabasterrengan ere, duen eragina gehitu behar diogu, orokorrean espetxeak gizonezkoentzat prestatutako unibertso zurrunak baitira. Hala gertatzen da Arantzaren kasuan ere. Bakartze modulua gizonezkoentzat prestaturiko gunea da: Gizonez inguratuta dago; gizonezko espetxezainek zelatatzen dute, eta haren ziega miatzen dute; espetxezainen konfiantzako presoak ibiltzen dira inguruetan zelatatzen, eta ziegatik ateratzen den aldiro ukimen bidezko miaketa bat egiten dio espetxezain emakumezko batek inguruan gizonak begira dituelarik.
Hau gutxi balitz, inoiz edo behin, Zuluetari gizonezko presoren bat egokitu zaio aldameneko ziegan, lekualdatze baten ondorioz behin-behinean hara sartuta. Teorian, emakumezkoak baino ez lituzkete sartu behar ziega horietan, baina «salbuespen» gisa gizonezkoak ere sartu dituzte —gutxienez zortzi aldiz gertatu da «salbuespen» hori—. Nabarmentzekoa da gizonezko horietako batzuk «emakumeekin duten jarrera matxistagatik» ezagunak direla. Kartzelari eta bakartzeari matxismoan eta boterean oinarritutako harremanak gehituta koktel indartsua sortzen da.
Guzti honen aurrean, elkartasun feminista azaldu nahi diogu, bereziki, Arantza Zuluetari eta baita gainerako presoei ere. Bakartze egoeratik atera eta libre uzteko exijitzen dugu. Izan ere, gogoratu beharra dago Zulueta behin-behinean dagoela preso eta sumario berean auzipeturik dauden 40 bat lagunetatik espetxean dagoen bakarra bera dela. Zuluetak kalean beharko luke, eta ez inongo epailek ezarri ez dion zigorra betetzen.
EUSKA PRESOAK ETXERA!
GORA BORROKA FEMINISTA!