Hondakinen afera konpontzeko bide-orria plazaratua du GuraSOSek

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 26a, 10:18

Hondakinen afera konpontzeko, gizarte eta politika zatiketa eta eremu politikoa gaindituko duen irtenbide partekatua beharrezkotzat jotzen du GuraSOSek. "Funtsezkoa da desiratutako akordio politiko horrek gizarte oinarri sendoa izatea. Ezinbestekoa da herritarren partaidetza aktiboa eta aitzindaria", azpimarratua dute guraso taldetik.

Zentzu horretan, aditu eta teknikariei protagonismoa eman behar zaiela diote. "Arazoa gehiegi politizatu izanak gizartearen urruntzea ekarri du, eta mesfidantza. Propagandak ordezkatu du informazioa. Normaltasuna eta herritarren konfiantza berreskuratzeko beharrezkoa da gizarteratze berri bat eta aditu eta teknikarien protagonismoa", GuraSOSen esanetan.

Segurtasun juridikoa eta egoera legeztatu behar dela diote. "Azken buruan segurtasun juridikoa behar da eta egoera legeztatzea. Planaren azken berrikuspena 2008an egin zen. Beranduenez, 2014an berrikusi behar zen. Ez da oraindik egin eta hortaz, legearen aurkako egoera batean gaude, ebaluazio eta berrikuspen eta herritarren partaidetzarik gabeko plan batekin, herritarren partaidetza beharrezkoa denean berrikuspen horietan. Legedia hondakinen gaietan hobekuntza jarraituaren politikan oinarritzen da, beranduenez sei hilabetean behin hondakinen gaineko planak derrigor ebaluatu eta berrikusi behar dira (Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 14.5 artikulua). Helburua bistakoa da, osasuna eta ingurumena babestea, horretarako teknika eta estrategia eraginkorrenak baliatuz eta irtenbideak gizartearen ohitura aldakor eta kontzientzia mailara egokituz, eta halaber Europatik hondakinen gaian datozen gomendio eta politika jarraituz".

Bide-orria

Hondakinen afera konpontzeko 8 puntuko bide-orria aurkeztu du GuraSOSek. Honatx bide-orriko edukia bere osotasunean:

1-Berehalako erabakia hondakinen kudeaketarako azpiegituren lizitazio eta kontratazio prozesuetan atzera egiteko edo haiek GELDIARAZTEKO. Epe laburrera zerbitzua emateko beharrezko diren bitartekoak kontratatzea.

2-LEGEZTATZEA. Paraleloki premiaz ekitea Gipuzkoako Hiri-Hondakinen Kudeaketako Plan Integrala berrikusteko izapideei.

3-GIZARTERATZEA: Foru Aldundiaren baitan mahai soziala sortzea hondakinen kudeaketarekin lotutako herritar elkarte eta mugimenduen presentzia eta partaidetza bermatzeko.

4-INFORMAZIOA ETA GARDENTASUNA. Mahai tekniko bat sortzea Foru Aldundiaren baitan osasun publikoaren gaian eta hondakin kudeaketan aditu eta teknikari direnen presentziarekin, Foru Gobernuaren proposamenez, foru parlamentuko talde politikoen proposamenez eta halaber elkarteen proposamenez izendatuak.

5-PARTAIDETZA BIDEZKO HAUSNARTZE PROZESUA: 3. eta 4. puntuan aurreikusitako mahaiak Hondakinen Foru Planaren berrikuspenaren tramitazio prozedurara bilduko dira, indarreko legediak aurreikusi bezala (hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 10. artikulua; ingurumen gaietan informazioa eskuratu, publikoki parte hartu eta auzitegietara joateko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 16. artikulua (2003/4/EE eta 2003/35/EE arteztarauak txertatzen ditu) eta herritarren   partaidetzari   buruzko   uztailaren   8ko   1/2010 Foru Araua.

6-OSASUNAREN BABESA ETA GIZARTE KOHESIOA.- Prozesuan parte hartzen dutenek jarraibide komun partekatu batetik abiatzen dira: osasun publikoari eta ingurumenari berme gehien eskaintzen dizkion irtenbidearen bila aritu eta era berean gizarte kohesioaren aldetik maila gorenak lor ditzakeena.

7-HOBETO EGOKITZEA GAIARI BURUZ EUROPATIK DATOZEN POLITIKEI.- Irtenbideak izan behar du baliabideen erabilera eraginkorrari buruz 2015eko uztailaren 9an Europar Parlamentuak emandako Ebazpenari hobekien egokitzen zaiona.

8-AKORDIO ETA IRTENBIDE PARTEKATUA.- Ordezkari politikoek lortuko dute aurre egin beharreko bi arazoei irtenbidea ematen dien AKORDIO politikoa: hondakinen kudeaketari eta gizarte kohesioaren gabeziari, txanpon beraren aurkia eta ifrentzua balira bezala. Akordio horren zimenduak izango dira partaidetzazko hausnartze prozesuaren fruitu izango diren adostasun tekniko eta sozialak.