Musikari handi bat omenduko dute Zarauzko eta Usurbilgo herriek larunbat honetan; udazken honetan gure artetik joan den Imanol Urbieta. Usurbilen izango da, hileroko kantu-jiraren baitan. Kantu Taldeko gidari berriak, Manolorekin harreman estua zuen Jaione Eskuderok egin du bi herrion arteko zubi-lana. Udarregi Ikastolako musika irakasleak aurreratu dizkigu ekitaldiko xehetasunak, denok abestera gonbidatzearekin batera.
Zer berrikuntza dakartza datorren kantu-jirak?
Jaione Eskudero: Santa Zezili azaroaren 22an izango denez, egun hori ospatuko dugu eta Imanol Urbietaren omenez egingo dugu kantu-jira. Usurbilgo eta Zarauzko txistulariek, Zarauzko abesbatzak eta zarauztarrek ere parte hartuko dute. Ia Zarautzek eta Usurbilek batera egiten diogun Imanoli merezitako omenaldia. Kontxi Aizarna emaztea ere etortzekoa da.
Zubi lana egiten ari zara bi herrietan artean. Zer moduzko harrera izaten ari da deialdia?
Hemengoen erantzuna zoragarria. Zarauztarrena ere bai. Ahal duena etorriko da eta ilusio handiz gainera.
Imanol zure ibilbideari oso lotua egon da.
Berari esker naiz ni naizena. Berak eman dit zeukan musikarako bizitza, berak helarazi dit musikarekiko sentitzen zuena.
Zer zen musika eta kantua berarentzat?
Berarentzat dena musika zen. Dena. Bere bizitza musika zen eta hori transmititu egin zuen herrian. Zarautz oso herri musika zalea baita, nik uste kultura hori berak sortu zuela. Berarekin ibili garen guztiok dugu musikarako grin hori.
Aurrera begirako erronka, berak utzitako ondarea bizirik mantentzea izango da?
Bera joan zaigu, eta orain, bere lana bizirik irauten lagundu behar dugu. Asko ikasi zuen Manolok, gero lan hori plazaratzeko. Hori ez galtzeko guk egin behar dugu segida lan hori.
Belaunaldi oso bat hazi gara bere abestiekin eta zure ahotsarekin.
Ez dira abestiak bakarrik, abesti pedagogikoak dira, erritmoari lotuak, eta ez umeentzat bakarrik helduentzat ere bai.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen lan berriak ere Imanol Urbieta omentzen du. Zuk ere proiektuan parte hartu duzu.
Zarauztarrek parte hartzea nahi zuten eta hala deitu ziguten. Guk geure abesbatzakoekin eta haur talde batekin parte hartu dugu. Nik ere tartean abesten dut.
Inoiz ez ditugun abesti batzuk ba omen dira “Haizearen herria” lan berrian.
Berri batzuk ere badaude bai, berak hil arte lanean jarraitu baitu. Azken momentura arte kanta piloa sortua zuen. Egunero goizeko zortzietan jaikitzen zen, eta arkatz edo boligrafoa eskatzen zuen, bere partitura, eta lanean jartzen zen. Beti esaten zidan, Jaione etorri egin behar duzu, zenbat kanta egiten ditudan ikustera! Azken aldian aiton amonentzako abestiak sortzen ari zen.
Musikak eragiten digun onuraren adibide argia.
Musikak eman dio bizitza, poza, ilusioa.
Larunbat honetan kantuan omenduko da beraz Imanol Urbieta.
Kantu asko daude. Ikastolan ere landu ditugun lanak ere bai. Animatzen ditugu ikastolako umeak ere gurekin elkartzera. Abestera etortzeko lotsarik ez izan. Ez geratu gogoz. Helduentzako kantu asko sortu zituen Manolok. Bere Zarauzko lehenengo Oleskariak abesbatzaren garaian sortutako hainbat abesti kantatuko ditugu: “Goazen mutilak”, “Elkar gaitezen”, edota Usurbilerako moldaturiko “Agur herria”.
Jendaurrean abesten kostatzen omen zaigu. Pixkanaka ari al gara askatzen?
Jendeak pentsatzen du gaizki abesten duela eta gaizki inork ez du abesten. Denok balio dugu abesteko. Norberak barrutik ateratzen zaiona abesten du eta hori beti ondo abestua egongo da.
Aurrerantzean, kantu taldeko gidaria izango zara. Nola heldu diozu erronka berriari?
Susi Elosegiren lekukoa hartuko dut. Mikel Usabiagk proposatu zidan. Ezezkoa kosta egiten zait esatea, denboraz juxtu nenbilen, baina tarte bat hartu dut, ilusio handiz gainera. Erronka berri hau onartu dut, pentsatuz Usurbilen baten bat egongo dela lan honi jarraipena emateko gogoz egon daitekeena.
Kantu Taldearen ikastaroa ere zuzenduko duzu.
24 bat lagun elkartzen gara, oso gustura egoten gara. Ordubetez aritzen gara asteartero, 18:30-19:30 artean Udarregi Ikastolako kantu gelan. Lotsa alboratu eta etorri. Edozein uneetan izena eman eta parte hartzen hasi daiteke.
Zer moduz ikusten duzu kantu zaletasuna Usurbilen?
Oso bizirik. Orain erronka dugu eserita gelditzen den jendearekin. Eserita egon beharrean, egin behar dute altxatu eta gurekin abestu.
Kantu Taldearen hitzorduak
Azaroak 24, osteguna
18:30-19:30 Kantu-jira prestatzeko entsegua txistulariekin, Udarregi Ikastolako kantu gelan.
Azaroak 26, larunbata
19:00 Imanol Urbieta omenduko duen kantu-jira berezia, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
Oharrak:
-Kantu-jirarako kantu liburuxka berriak eskuragarri NOAUA!n, 5 euroren truke.
-Kantu Taldearen entseguak, asteartero 18:30-19:30 artean Udarregi Ikastolako kantu gelan.
Antolatzailea: Usurbilgo Kantu Taldea.