Milaka lagun, GuraSOSen manifestazioan

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 28a, 13:04

Milaka gipuzkoar batu zituen GuraSOSek larunbat arratsaldean Donostian egin zuten manifestazioan. Hondakinen afera konpontzeko irtenbide adostu eta osasuntsua galdegin zuten. Erraustegiak seme-alabengan izan dezakeen eraginagatik kezkaturiko guraso taldea izanik, txuriz jantzitako haurrak izan ziren "Gipuzkoa +: eman bidea osasuna eta adostasunari" aldarripean egindako manifestazioari bidea ireki ziotenak. Atzetik ehunka familia, milaka lagun abiatu ziren Araba parketik Alderdi Ederrerantz. Easo kalea, alderik alde bete zuten mobilizazioarekin bat egin zutenek.

Manifestazio bukaeran, txuriz jantzitako ehun haurrek bihotz bat osatu zuten, beste haur talde batek, amaiera ekitaldia ospatu den oholtza gainetik "Adostasuna SOS" esaldia argiztatzen zuen artean. Manifestua, Estitxu Fernandezek eta Joxe Mari Izeta usurbildarrak irakurri zuten. Honela zioen:

“Arratsaldeon ama, aita, aitona eta amonak, izeba eta osabak, lagunak, eta HERRITAR GUZTIOI! Gaur BATERA gaur hemen akordio osasuntsu bat lortzeko, eta gure seme-alabentzat etorkizun hobeago bat aldarrikatzeko. Gaur Gipuzkoa gehiago da, osasuna eta adostasunaren alde batu garelako. Gaur batu egin garelako.

Gaur Gipuzkoak adostasunaren eta osasunaren bidea aukeratu du. Gaur Gipuzkoak liskarrari EZETZ esaten dio, zatiketari EZETZ esaten dio, eta EZETZ esaten dio inposaketari. Gaurtik aurrera, guztiok batera Gipuzkoa osasuntsuago baten alde egingo dugu.

ZER jaten, zer edaten eta zer arnasten ari garen jakin nahi dugu. Gehiago jakin nahi dugu, informazio eta eztabaida gehiago nahi ditugu. Ordezkari jaun andreak, herritarrei entzutea eskatzen dizuegu. Eta gaur hau esaten dugu: osasuna da garrantzitsuena! Botu paper bat baino zerbait gehiago gara. Parte-hartu nahi dugu guri dagokigun gauzetan, eta parte-hartuko dugu!

Hondakinen kudeaketaren gaian irtenbide gehiago eta hobeak nahi ditugu. Segurtasun gehiago eta babesa nahi ditugu. Eta horretarako, lehenik eta behin, ezinbestekoa da erraustegia eta Mutiloako lizitazioak geratzea. Hondakinen plan orokorra legalizatu beharra dago, aurrekoa baloratu eta berrikusi.

GURASOSek mahai-gainean jarri du irtenbiderako bide-orria. Bertan, aditu, gizarte eragile, arduradun politiko eta herritarren parte-hartzea aurreikusten da. Gaur, dei egiten dizuegu/diegu guztiei konponbiderako bide honi heldu diezaiogun denok batera. Merezi dugulako. Gipuzkoak merezi duelako. Eta batez ere, gure seme-alabek merezi dutelako.

Entzun haurrak: ikusten dituzue milaka eta milaka persona hauek? Zuek zaintzeko batu gara. Bai, bai, zuek babestera etorri gara denok.

Eta badakizu zer uste dugun? Gure hondakinen arazoari beste irtenbide bat bilatuko diogula denen artean, posible delako, gizarteak eta gure ordezkariak horretan buru-belarri jartzen bagara, denok batera lortuko dugu, oraindik garaiz gaudelako.

Bihotzez esaten dizuet hemen gauden guztien izenean: Ez dizuegu hutsik egingo, lortuko dugu!".