Giro euritsuak ez du inolaz ere zapuztu, kantu zaleen hileroko hitzordua. Berezia oraingoan, Imanol Urbieta musikari zarauztarra omendu baitute. Omenaldira batu dira Usurbil eta Zarauzko musikari eta kantariak. Urbietaren kantak abestuz igaro dute afalaurreko tartea.
Gogoan izan, Kantu Taldea asteartero biltzen dela 18:30-19:30 artean, Udarregi Ikastolako kantu gelan. Aurrerantzean gidari berria izango du: gaur bertan, kantu-jira zuzentzen ikusi ahal izan dugun Jaione Eskudero, Udarregi Ikastolako musika irakaslea. Susi Elosegiren lekukoa hartu du. Imanol Urbietarekin urte luzez elkarlanean aritutako Eskuderok egin du hain zuzen, Imanol omentzeko bi udalerrien, Usurbil eta Zarautzen arteko zubi-lana.