Abenduaren 9tik 11ra Barañainen (Nafarroa) egingo diren Gazteraiki alternatibetara joateko deia egina du Usurbilgo Ernai gazte erakundeak. Gogoan izan, azaroaren 30era arte 25 eurotan eskura daitezkeela topaketotarako bonoak Irrati tabernan. Honez gain, gazteokeraikitzen.topatu.eus atarian izena eman beharra dago. Web orri berean jaso daiteke, topaketon inguruko behar beste argibideren berri.
Alternatiben lanketa
Azaroaren 18an eman zuen Usurbilgo Ernaik, gazte topaketon berri Potxoenean. Azken hilabeteotan herri mailan gazte eragileekin elkarlanean landu duten diagnosia aurkeztu zuten. Gazte eragileoi eta animatzen den orori noski, Barañainera joateko deia egiten diete. Alternatibak eraikitzearen inguruko dinamika da topaketona. Urtebeteko bidea osatu duena. Añorgako Firestonen aurkeztu ostean, martxoa hasieran Udarregi Ikastolako erdiko aretoan Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako 300 bat gazte batu zituena asanbladan. Saio hauetan, “gazteen beharrak identifikatu eta hauen alternatibak sortzera bidean ildo ezberdinak zehaztu (sorkuntza, hezkuntza, euskara, kirola, jai-ereduak, feminismoa…) eta etorkizun hurbilera begira oin-gida moduan baliatuko diren proiektu ezberdinak garatu dira”, berri eman diote Usurbilgo Ernaitik NOAUA!ri.
Usurbila etorri zen jendea, ildo horien interesen arabera eta asanbladetan biltzen aritu da ordutik. Prozesu horren emaitza dira, Barañainen aurkeztu eta eztabaidatuko diren 18 proiektu. Aipatu moduan, Ernaik Barañaingo topaketetan parte hartzera animatu nahi dituzte gazteak. Jada sarean irakur daitezkeen (gazteokeraikitzen.topatu.eus) 18 proiektuak, 12 lan ildo ezberdinetan sailkatuak daude; autodefentsa, euskara, etxebizitza, elikadura burujabetza, lanak, jai ereduak, hezkuntza… Gazteraiki topaketetara joan asmo duenak, topaketen web orrian sartu (gazteokeraikitzen.topatu.eus) eta aipaturiko 12 lan ildo hauetako batean izena eman beharko da. Honez gain, aurrez 25 euroko bonoa eskuratu beharko du. Irrati tabernan izango dituzte salgai, azaroaren 30era arte.
Barañainen hiru egunez norberak hautatutako lan ildo horri loturiko tailer, hitzaldi edota mahai inguruetan parte hartzeko aukera izango du. Ikasteaz gain, jendea ezagutu eta ondo pasatzeko gunea ere izango da Gazteraiki. Kontzertuak eta aisialdiko ekitaldi gehiago iragarri dituzte.
Topaketon ostean, gazteak sorterrira itzultzean, “proiektu hauek aitzakiatzat hartuta Euskal Herriko txoko ezberdinetako gazte mugimendu ezberdinek oin-gida moduan hartuz bakoitzak bere lan esparruan alternatiba errealak martxan jartzen hastea” da helburua. Alegia, Gazteraiki topaketetan jasotakoa, norberak bere herrira ekarri, eta bestelako eredu alternatibo batean sakontzeko pauso errealak ematen segitzea da asmoa.
Informazio gehiago: gazteokeraikitzen.topatu.eus
Gazte Eguna iruditan
Antolatzaileek nahi bezala, gazteen arteko harremanak sendotu eta Usurbilgo gazte mugimendua indartzeko aukera ezinhobea eskaini zuen, larunbatean ospatu zen Gazte Egunak. Goizetik gauera, mahai ingurua, olinpiadak, kalejira, afari eta kontzertu gau jendetsua izan genituen. Honatx azaroaren 26ko ekimenetako zenbait irudi: