Maiatzaren 7ko galdeketa antolatzen hasteko, batzar irekia ostegunean

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 28a, 12:12

Urtea eta hilabetea bagenekien; eguna finkatu zuten larunbatean. 2017ko maiatzaren 7an egingo da Usurbilen, baita Lasarte-Orian edota Urola Kostan ere, erabakitze eskubidearen inguruko galdeketa. Azaroaren 26an eman zuten ezagutzera data zehatza, Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeak Potxoenean deitutako batzar irekian. Galdeketaren nondik norakoak aurkeztu zituen lan taldeak; Usurbilek galdeketen olatura batu nahi badu, hurrengo hilabeteotan bideratu beharko dituen antolaketa lanak zeintzuk diren. Urratsak noiz eta nola eman beharko diren.

Herritarren esku egongo da antolaketen lana. Honenbestez, herritarren parte hartzearen esku geratuko da Usurbilgo galdeketa ospatzea ere. "Olatu hau hartzeko prest gaude?", galdetzen zuten erabakitze eskubidearen aldeko lan taldetik azken batzar irekian. Jendea parte hartzera animatzen dute, norberak ahal eta nahi duen neurrian. Dagoeneko izen ematea zabaldu dute. Antolatzaileekin hartuemanetan jarri nahi duenak, Gure Esku Dago taldekoek sare sozialetan duten orrialdeen bidez egin dezake. Edo bestela, ostegun honetarako, abenduak 1, 18:30etan Potxoenean deitu duten bilera irekira gerturatu. Bertan, norberak nahi dituen ekarpen eta proposamenak egin ahalko ditu. Esku zabalik hartuko ditu Usurbilgo Gure Esku Dagok.

Lehen zereginen artean, elkartea sortzea

Denbora gehiago galdu gabe ekin nahi diete prestaketa lanei. Lehen zeregin nagusietakoa, urtea amaitu baino lehen, galdeketa antolatu eta ospatzeko prozesu osoa kudeatuko duen elkartea sortzea izango da; elkarteari izena jartzea, dokumentazioa prestatu, estatutuak inskribatu... "Elkarte honek herri galdeketa aurrera eramateko beharrezkoak diren lan eta antolaketa prestatuko ditu", zehaztu du Usurbilgo Gure Esku Dagok. Gaineratu dutenez, elkarte berriak "printzipio hauek bermatu behar ditu: batzorde sustatzailearen neutraltasuna, gardentasuna, argitasuna, informazioa eskuratzeko aukera, datu pertsonalen babesa, aniztasuna, eraginkortasuna, inklusioa, diru kontuak garbi eramatea". Osatuko den elkarteak bizi iraupen mugatua izango du. Galdeketa amaitu ostean desegingo da.

Erabakitzera

Erabakitze eskubidearen aldeko giza-kate erraldoia egin zen Durango eta Iruñea artean 2014an. Urtebete beranduago, erabakia saretzeko urratsa eman zen. Eta 2016tik erabakia gauzatzen hasiak dira hainbat udalerri. 2017an besteak beste, Usurbilen txanda izango da. Honatx, galdeketa prestatu eta ospatzeko hilabeteotan gauzatzea aurreikusten den prozesua:

Antolaketa egitura

Talde sustatzailea

Galdeketa antolatzeko erantzukizun maila nagusia izango duen bilgunea. Asteotan, antolaketen egutegiko 1.erronka abiatzeaz arduratuko da.

Lan taldeak

Bereziki, antolaketa lanen egutegiko 2.erronkaren baitan dauden zereginez arduratu beharko dute. Lau lan talde osatzea aurreikusten da:

1-Galdera zehazteko/harremanak.

2-Ekintzak/kale presentzia/komunikazioa.

3-Diru-zaintza/logistika.

4-Protokoloak-legea.

Berme Batzordea

Galdeketa berme guztiekin antolatu eta ospatzeaz arduratuko da taldea. Beranduenez, galdeketen antolaketa lanen azken faserako osatu nahi da. 3. erronkaren baitako zereginetako bat izango da.


Antolaketa lanen egutegia

Abenduak 1, osteguna

18:30 Batzar irekia Potxoenean.

1.erronka: Abendua-urtarrila

Bideratu beharreko lanak: taldearen manifestua, sinadura bilketa, herritarrak aktibatu, argazkia eta CIF-a lortu.

2.erronka: Urtarrila-otsaila-martxoa

Bideratu beharreko lanak: galdera definitzeko prozesua, diru iturriak izateko ekimenak, mahaietarako boluntarioak, aurrekontua kalkulatu.

3.erronka: Apirila-maiatza

Bideratu beharreko lanak: azken zehaztapenak, Berme Batzordea sortu, parte hartzea sustatzeko kanpaina.

Galdeketa:

2017ko maiatzaren 7an (bai Usurbilen, baita Lasarte-Orian, Urola Kostan...).

Izen ematea

Galdeketa antolatzeko lanetan parte hartu nahi duenak, osteguneko, abenduaren 1eko batzarrera agertu (18:30etan Potxoenean). Hor finkatuko dira hurrengo bileren hitzorduak, lan taldeen osaketa... Usurbilgo Gure Esku Dago taldearekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue:

Facebook: Gure Esku Dago Usurbil

Twitter: @GureEskuDagoU

E-posta: usurbilgureeskudago@gmail.com

3 olatu, 2017an

Galdeketen hiru olatu izango ditugu 2017an, Euskal Herri luze eta zabalean:

-Martxoaren 19an: Oarsoaldean, Tolosaldean, Hernani eta Astigarragan...

-Maiatzaren 7an: Usurbilen, Lasarte-Orian, Urola Kostan, Bizkaiko zenbait txokotan...

-Ekainaren 10ean: ekitaldi nazionala Bilbon.

-Ekainaren 18an: Nafarroako 30 herrietan (Bortziriak, Leitza, Areso, Lekunberri inguruetan...).