"Datorren azaroaren 29an, asteartea, arratsaldeko 18:30ean Potxoenean bilduko gara, eta deialdi zabala luzatzen diegu herritar guztiei. Erraustegiaren aurkako borrokan erreferentzia den gure herriak, une garrantzitsu honetan, errauste-plantaren mamua gain-gainean daukagunean, erantzun irmoa emateko antolatuta jarraitu beharrean gara. Horretan ahalegin guztiak beharrezkoak dira", ohartarazi dute taldetik.
Esleipena, abenduaren 27an
Gogoan izan, aldaketarik ez bada, hilabete barru, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak datorren abenduaren 27an erabakiko du nork eraiki eta kudeatuko duen Zubietako erraustegia. Esleipena gauzatuta, urte berriarekin batera hasi asmo dituzte eraikitze lanak. 30 hilabetez, hau da, bi urte eta erdiz luzatzea aurreikusten dute. Eta legegintzaldi amaierarako, erraustegia 2019ko udaberrirako martxan egotea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok.
3 enpresa talde lehian
Erraustegia eraiki eta kudeatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak deitutako lizitaziora hiru enpresa talde aurkeztu dira:
-Construcciónes y Promociones Balzola, S.A; Valoriza Servicios Medioambientales, S.A; Valoriza Gestión, S.A.
-Meridiam Investments SAS; Urbaser S.A; Altuna y Uria S.A; Construcciones Moyua S.L; Construcciones Murias S.A; LKS Ingeniería S.COOP.
-Fomento Construcciones y Contratas eta Sartech Engineering.
Lizitazioa geratzeko eskaera
GuraSOSek azaroaren 26ko manifestazioa aurkezteko hilaren 17an eginiko agerraldian, lizitazioari buruz galdetu zitzaien. Guraso taldetik argi zioten, "abenduaren 27an ez da ezer amaitzen". Are gehiago, abian dauden prozesu judizialek esleipena gerarazi dezakete gero. Eta hala gertatuko balitz, gipuzkoarron altxor publikoaren kalterako litzatekeenez, prozesu hau gelditzea eskatzen du GuraSOSek. Zehaztu dutenez, hiru errekurtso dituzte martxan; Ingurumen Baimen Bateratuaren, lizitazioa hastearen eta parte hartze prozesu bat ez irekitzearen aurka hain zuzen. Laster espero dituzte, beranduenez urte amaierarako, errekurtso hauen ebazpenak. GuraSOS defendatzen ari denaren aurkako ebazpenak balira, goragoko instantzietara jotzeko asmoa agertu du guraso taldeak.