Irailean 40 urte bete zituen futbol taldeen bilgunetik, urtemugaren harira, ekimen bereziak iragarri zituzten. Bi egitasmo berri jarri dituzte martxan.
Argazki lehiaketa
Usurbil F.T.-ko infantil neska eta mutilei zuzendurikoa. Abenduaren 12ra arteko epea dute argazkiak atera eta aurkezteko. Haraneko mugimendua isla dezakete irudiok, antolatzaileek adierazi dutenez; jolasak, lagun artea, elkarlana… Edota bestela, Usurbil, auzoak, natura. Bi gaiokin lotuta, parte hartzaileek aurkezturiko argazkien proiekzioa eta sari banaketa egingo du Usurbil F.T.-k abenduaren 16an Potxoenean.
Bartzelonara bidaia
Duela zazpi urte egin zuten moduan, 2017ko apirileko Aste Santuko oporraldian Bartzelonara bidaia antolatzekotan da Usurbil F.T., apirilaren 15 eta 16ko asteburuan Realak Bartzelonaren aurka jokatuko duen neurketa izango dela baliatuta. “Bidaia Bartzelonaz gozatu eta Barça-Reala partida ikusi nahi duen ororentzat izango da”, iragarri dute antolatzaileek. Bidaia prestatzen hasteko, eta behar beste argibide jasotzeko informazio bilera deitu du Usurbil F.T.-k, abenduaren 5erako 18:00etan Potxoenean.