Lehen aldiz, herri-erakunde guztiek bat egin duten adierazpena prestatu da, abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunari begira. Tokian tokiko erakundeak bere eremuetan aurkezten eta onartzen ari dira egunotan. Usurbilgo Udalak atzo egin zen azaroko osoko ohiko bilkuran onartu zuen aho batez, "Zer egin dezaket nik euskararen alde?" aldarria daraman adierazpena.
Galdera honi buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu bart Udalak aho batez onarturiko adierazpenak, "guztion ekarpenak baitira baliagarri eta onuragarri euskararen biziberritzerako eta guztion arteko elkarbizitza sendotzeko". Oraindik orain, gurean bi hizkuntz ofizial izan arren, mozioak gogorarazten duenez, "helburu izaten jarraitzen du, gizartean oro har, hizkuntzen arteko berdintasun sozialera iristeak". Testuak zehazten du helburua, "euskara hizkuntza erabilia eta bizia izatea" dela.
Euskararen Eguna
EHBilduk aurkezturiko mozioa bozkatu baino lehen, herriko artixten taldeak Euskararen Egunerako, eta Ez Dok Amairuren 50. urtemugaren harira, larunbatean 18:00etan Mikel Laboa plazan antolatu duen kultur jaialdian parte hartzeko gonbita luzatu zuen udal gobernu taldeak atzoko osoko bilkuran.
Abenduak 3, larunbata
18:00 Euskararen Eguna:
Tokia: Mikel Laboa plaza.
Zehaztasunak: "Euskararen Eguna eta Ez dok Amairuren 50. urteurrena ospatze aldera, herriko artixtek kultur jaialdia antolatu dute. Musika, dantza, ikus-entzunezkoak, olerkiak, antzerkia, kantua... izango dira gerturatzen direnen gozamenerako".
Antolatzaileak: herriko artixtak.
Abenduak 5, astelehena
11:45-12:15 Udarregi Ikastolako ikasleak eta Aginagako ikastetxekoak frontoian elkartuko dira euskal abestiak kantatzera.
14:45-16:15 Udarregiko talde bat (LH2. maila) Zubietara joango da bertako Eskolakoekin jaia ospatzera.
16:15-16:30 HH eta LHko 1. ziklokoek gurasoei abestuko diete.
Antolatzaileak: herriko ikastetxeak.