Elikagai bankuekin lankidetza indartzeko konpromisoa hartu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 30a, 10:47

Iaz baino elikagai kilo gutxiago bildu dituzte Elikagai Bankuek asteburuan antolatu duten Elikagaien Bilketa Handian. Gipuzkoan, 700.000 bat kilo biltzea aurreikusten dute. Beherakada horrek ordea, ez du halako kanpainen beharrik ez dagoenik adierazten. Horregatik, elikagai bankuekin lankidetza indartzea eskatzen du PSE-EEk aurkeztu eta Usurbilgo Udaleko udalbatzak atzoko osoko ohiko bilkuran aho batez onartu zuen mozioak. Testuak gogorarazten duenez, "tamalez, Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren antzeko erakunde eta elkarte ugari, tokiko elkarteekin lankidetzan beharra duten familiei elikagaiak ematea helburu dutenak, beharrezkoak ez ezik, ezinbestekoak dira oraindik ere". 

Horregatik, "Udalak agente aktiboa izan behar du elkartasunaren sustapenean, bertako merkataritzarekin  eta ostalaritzarekin lankidetzan; kontsumorako egokiak izanik, salmentarako baztertzen diren elikagaiak bildu eta aprobetxatzen laguntzeko". Eremu honetan, eta atzo onarturiko mozioaren bidez, konpromisook betetzea bere gain hartu du Udalak:

-Udalak konpromisoa hartzen du elikagaien kontsumo arduratsuari buruzko heziketa- eta kontzientziazio-kanpainetan bete-betean inplikatzeko.

-Udalak konpromisoa hartzen du Elikagaien Bankuarekin elkarlanean aritzeko eta lankidetza hori gure udalerriko merkataritzara eta ostalaritzara zabaltzeko, kontsumorako egokiak diren baina salmentarako baztertuta dauden elikagaiak bildu eta aprobetxatzeko helburuarekin.

Lagunduz, probetxua atera elikagaiei

Talde sozialistako bozeramaile Fermin Orueren esanetan, jateko moduan egon arren, arrazoi estetikoengatik bakarrik produktu ugari hondakinetara botatzen dira. Kezkagarri eta larritzat jotzen dute gertatzen ari dena. "Xahubide honen ondorioak kezkagarriak dira oso. Izan ere, larria baita xahutzea langileen eskulanaren ahaleginak, baliabide hidrikoak eta alferrik galduko den elikagaia ekoizteko erabilitako energia. Eta gainera, ez diogu behar duenari janaririk  ematen. Fruta, lekale eta barazkien kasuetan adibidez, bota egiten dira txikiegiak, handiegiak edo itxura edo kolore itsusia izateagatik, nahiz eta propietate nutritibo guztiak mantendu. Hau dela eta, supermerkatuek eta saltokiek kadukatzear dauden produktuak soberan izaten dituzte eta zaborrera bota baino lehen, beharrean dagoen familiei ematea egokiagoa dela uste dugu".