Usurbilgo Udalak bat egin du azaroaren 25ean antolatu ziren Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguneko ekimenekin, atzo egindako osoko ohiko bilkuran EHBilduk aurkeztu eta udalbatzak aho batez onartu zuen mozioaren bidez. "Usurbilgo Udaletik, borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko jendarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean".
Bost puntuko testuan gainera, tokiko eragile eta emakumeekin, indarkeria matxistaren adierazpie guztiei aurre egingo dion prebentzioko udal- eta lurralde plan integrala garatzea eta eraso matxisten kontrako protokoloa indartzea eskatzen du. Eta egitasmo hauetarako, "beharrezkoak diren baliabide ekonomiko eta tekniko guztiak" aktibatzea. Foru Aldundiari eta Emakunderi, "emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontu-partidak handitzeko, berdintasun-zuzendaritzak sendotzeko, epaitegietako genero-unitateak indartzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko" galdegiten die.
Mozioak ohartarazpen argia egiten du. Gaur egun indarkeria honen aurka baliabide eta politika gehiago bideratzen diren ustea arren, "indarkeria ez da inondik inora murrizten ari, eta indarrean jarraitzen du gure jendartearen eremu guztietan". Eta hala jarraituko duela azpimarratzen du mozioak, "desorekak indarrean jarraitzen duen bitartean indarkeria matxista hor egongo dela, botere-harreman desorekatu horiei eustea delako, hain zuzen, indarkeria horren funtsa. Hortaz, emakume izate hutsagatik indarkeria jasateko aukera txikiena dagoen bitartean, gure herrian ez dugu bakea edo normalizazioa lortuko".
Urte luzeko borrokari esker lortutako berdintasun formala ez dela aski dio mozioak eta "aurrera jarraitu beharra dugula", mikro eta makroindarkeriak identifikatuz edota erantzukizuna "edozein eraso sexista sorrarazteko edo saihesten laguntzeko gai diren gizonen gainean jarriz".
Azaroaren 25a eta azken ostirala, bat eginik
Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde mobilizatzeko egunarekin egokitu da aurten. Bi aldarriak bateratu eta uztartu zituzten Matrakak eta Usurbilen Nahi Ditugu taldeek, azaroaren 25ean Mikel Laboa plazan deitu zuten elkarretaratzean. Arantza Zulueta euskal presoak bizi duen egoera bidegabea salatzeko baliatu zuten mobilizazioa. Bertan irakurri zuten, bi eragileek adosturiko adierazpena.