Usurbilgo Udalak erraustegiari buruzko galdeketan herritarrek adierazitako iritzia defendatu eta erraustegia ez eraikitzeko Udalak bere esku dagoena egiteko eskaeren aurka agertu dira Usurbilgo PSE eta EAJ-ko udal ordezkariak. Atzoko osoko ohiko bilkuran izan zen.
Erraustegia Erabakia Herri Plataformak, eskaerok biltzen zituen mozioa aurkeztu zuen. Mozio hau ez zegoen aurreikusia gai zerrendan. Horregatik, lehenbizi gai zerrendan txertatu edo ez erabakitzeko bozketa egin behar izan zuten. Mozioa tratatzea aho batez onartu zuen udalbatzak. Testu honen aurreko iritzia agertzerakoan ordea, ez zen erabateko adostasunik izan. EHBilduk Erraustegia Erabakia Herri Plataformaren eskaerekin bat egin zuen artean, eskaeron aurka agertu ziren PSE eta EAJ-ko udal ordezkariak.
EAJ: "Ez da herri honen kezka"
Urriaren 23ko galdeketako parte hartze datuei begira, emaitzak oso argi erraustegiaren aurkakoak direla aitortu arren, gaia "ez da herri honen kezka" zioen Andoni Atxega EAJ-ko zinegotziak. Bere esanetan, %43,6ak baino ez baitzuen parte hartu galdeketan, "gehiengoak ez du parte hartu" zioen. Datu hau Udalak kontuan hartu beharko lukeela adierazi zuen. "Batzuk esan dute ez dela bere kezka eta hori kontuan hartu behar da", gaineratu zuen. PSE-tik Fermin Oruek ere harridura agertu zuen galdeketako parte hartze datuen inguruan. "Erdira ere ez da iristen", zioen.
Adierazpenok, zeresana sortu zuten udal gobernu taldeko ordezkarien eta baita udalbatza aretora bertara joandako Erraustegia Erabakia herri plataformako kideen artean ere. Galdeketan herritarren %43,6ak parte hartu izana, oso esanguratsutzat jo zuen Xabier Arregi alkateak, eta hala adierazi zaiola Udalari, herritik kanpotik jaso dituen hainbat mezuen bidez. Are gehiago, galdeketa egiteko egon diren oztopo eta zailtasun guztiak kontuan izanda. Galdeketa ez baitzen loteslea, ez zen izan baimendua, horrek suposatzen duen baliabide mugekin. Alkateak ere aipatu zuen, "herritarrengana iritsi ezinak" ere ez zuela eragin parte hartze handiagoa izatea. Halere, "galdeketa ez lotesle bat egin eta %43,6ko parte hartzea lortzeak, gai honi buruz herritarren artean benetako kezka sakona dagoela adierazten du".
Alaitz Aizpurua zinegotziak ere, bide beretik zioenez, oposiziotik eginiko "baieztapen hori zalantzan jarri dezaketen datu asko jar genitzake mahai gainean". Adibide moduan, irailaren 25ean ospaturiko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek herritarren artean izan zuten harrera aipatu zuen. Baliabide anitz bideratzen diren hauteskunde ofizial edota lotesleak izanik ere, bozketa hauetan %63 ingurukoa izan zen parte hartzea Usurbilen.
Erraustegia Erabakia: "Zuek ukatu diozue hitza herriari"
Oposizioak eginiko adierazpenei erantzun zieten baita Erraustegia Erabakia Herri Plataformatik ere. Plataformako kideetako batek, EAJ eta PSE-ko udal ordezkariak seinalatuz, "zuek ukatu diozue herriari hitza" adierazi zien. Eta orain ez etortzeko esatera, herriak zer nahi duen edo ez. Galdeketa zer baldintzetan antolatu zen kontuan izanda, eta halere erakarri zuen parte hartzea ikusita, oposiziotik adierazitako argudioak ez zuela funtsik adierazi zuen.
Alkateak ere gogorarazi zuen, Udalak erraustegiari buruz herritarrei galdetzeko baimena eskatu ziola Espainiako Gobernuari. Debekua jaso zutela, baina debeku hura, EAJ-PSE alderdiak agintean dituen Gipuzkoako Foru Aldundiak landutako txosten batean oinarritu zutela. Udalak galdeketa egiteko baimena jaso izan balu, "areagotuko zen parte hartzea" azpimarratu zuen Arregik.
Bide batez, eskerrak helarazi zizkion alkateak Erraustegia Erabakia Herri Plataformari; batetik, erraustegairi buruz herritarrei "iritzia argi eta ozen adierazteko" aukera eman izanagatik. Eta bestalde, "erraustegiari aurre egiteko beste bide bat irekitzeagatik". Udalak, plataformatik eginiko eskaerekin bete betean bat egiteaz gain, "hondakinen kudeaketa eredu propio eta jasangarriagoa eraikitzeko lanean segiko dugu" adierazi zuen.
Herriaren hitza defendatzen segitzeko eskaera
Adierazpenok ez zuten oposizioaren posizionamendua aldarazi. Gauzak horrela, udal ordezkarien bozketako emaitzak argi erakutsi zuen, egun, hondakinen kudeaketari dagokionean, dagoen adostasun falta. EHBilduk babestu zuen Erraustegia Erabakia Herri Plataformaren mozioa eta koalizioak duen gehiengo osoari esker onartu zen testua. PSE eta EAJ-ko udal ordezkariek aurka bozkatu zuten.
Erraustegia Erabakia Herri Plataformak ere mozio honen bidez, eskerrak helarazten dizkio Usurbilgo Udalari. Galdeketako emaitzen berri emateko, Aldundiarekin, Batzar Nagusiekin, Donostia eta Usurbilgo Udalekin iragarri zuten elkarrizketa erronda amaituta, Usurbilgo Udalak "herriaren hitzarekiko azaldu duen errespetu eta konpromiso jarrera"gatik. Herriaren hitza defendatu eta erraustegia eraikitzea eragozteko bere esku dagoen guztia egiteko ahal duen guztia egiten segitzea eskatzen diote Udalari.
"Erraustegia egitea nahi al duzu?" herri galdeketako emaitzak
Usurbil osoan:
Errolda: 5.312.
Parte hartzea: 2.317, %43,6.
Ez: 2.268, %97,9.
Bai: 39, %1,7.
Txuriak: 8.
Baliogabeak: 2.
Zubietan:
Errolda: 377.
Parte hartzea: 244, %64,7.
Ez: 243, %99,6.
Bai: 1, %0,4.