Atsobakarreko kirol azpiegitura berrietara irisgarritasuna bermatzeko eskaera

Noaua Aldizkaria 2016ko aza. 30a, 10:56

Lasarte-Oriako Udalak entrenamendu-zelaia eta atletismo-pista eraiki nahi ditu Urbil mertakal gune ondoko Atsobakar parke eremuan. Udal hartako udalbatzak, gai honi lotuta, uztailaren 12ko osoko bilkuran hartu zuen erabaki baten berri eman zion Usurbilgo Udalari abuztu amaieran. Udalari eskatzen zaio, "lur-sail bat eskain dezala eta tramitazio urbanistikoak erraztu ditzala Atsobakarren entrenamendu-zelai bat eta atletismo-pistak eraikitzeko". Eremu horretan Lasarteko Udalak bi partzela ditu jabetzan, Usurbilgoak beste bat.

Udalak hiru puntuko mozio honen bidez erantzun dio Lasartetik heldutako eskaerari:

1-Usurbilgo Udalak ez du eragozpenik ikusten Lasarte-Oriako Udalak jabetzan dituen lurretan kirol-ekipamenduari dagokion prozedura urbanistikoa bideratzeko, betiere prozedura horrek eskatzen dituen formak eta arauak betez gero.

2-Usurbilgo Udalaren jabetzako lur-saila ekipamendu horretarako uzteko eskaerari dagokionez, derrigorrezko baldintza iruditzen zaigu bertara joateko oinezkoen eta bizikleten irisgarritasuna bermatzea. Hori horrela ez denez, arduragabekeria handia litzateke gure aldetik kirol-gune bat sustatzea, Usurbilgo herrigunetik bertara iristeko modu seguru bakarra ibilgailu motordunen bidezkoa denean. Hortaz, udal honek ezin dio baiezkorik eman lagapen horri.

3-Horrelako kirol-azpiegituren garapenak aukera egokia eskaintzen du, lankidetza instituzionala praktikara eramanez, denontzat onuragarriak diren ekipamenduak eraikitzeko, jasangarritasunaren eta oreka urbanistikoaren printzipioei eutsiz. Aukera hori hor dago, eta Usurbilgo Udalak prestasun osoa du oraindik ere horretan inplikatzeko.

Udalarentzat onartezina, irisgarritasuna ez bermatzea

EHBilduk atzo egindako plenoan aurkeztu zuen mozio hau. Gehiengo osoz onartu zen, udal gobernu taldeko kideen aldeko bozkekin. PSE abstenitu eta EAJ aurka agertu zen. Kirol azpiegitura hauetara heltzeko oinezkoen eta bizikleten irisgarritasuna bermatzea ez zaio nahikoa arrazoi iruditzen EAJ-ri, Lasarteko Udalak eginiko eskaerari ezezkoa emateko. "Onura gehiago ekarriko dute, kirol azpiegiturok usurbildarrentzat ere onuragarri izan daitezke", zioen Josune Urkola bozeramaileak. Are gehiago, jeltzaleen esanetan, Usurbilgo instalakuntzetan espazio falta dagoenean.

PSE-tik Usurbilgo Udalak eskatzen duen bidegorria eraikitzea ez dagoela Lasartekoaren esku zioen Fermin Oruek eta ezingo dela eraiki egun batetik bestera. Horren aurrean, Udalak lagapen hau egitea baimentzen ez badu, bidegorri hori egin artean behintzat, "usurbildarrek galduko dute" zioen. 

Adierazpenon aurrean, mozioan adierazitakoa berretsi zuen udal gobernu taldeak. Batetik, ez dutela zalantzan edo auzitan jartzen kirol azpiegiturok herritarren interesekoak eta onuragarriak izan daitezkeenik. Baina ezinbestekotzat jotzen dute, azpiegitura hauetara heltzeko dagoen arazoa konpontzea. Onartezintzat eta arduragabetzat jotzen dute, bertara oinez edo bizikleta gainean joateko modurik ez bermatzea, "gure bizia arriskuan jarriz", eta Lasarteko Udalaren eskaerari baiezkoa ematea.

Bidegorria, premiazkoa

Egiten ari diren eskaera, alegia ibilgailu motordunen ordez, oinezko eta bizikletentzako bidea lehenestea "urgentziazkoa, premiazkoa" dela irizten diote. Xabier Arregi alkateak osoko bilkuran bertan adierazi zuenez, legegintzaldi abiatu zenetik hasi ziren arazo hau konpontzeko ahaleginean. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eginiko bileretan, arazo honi irtenbide bideragarriena emateko aurreproiektua eta konpromisoa eskatua dute. "Bestalde, esan behar da Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Arloko Planean eta Donostiako Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partzialean aurreikusita dagoela Usurbilgo herrigunea eta Atsobakar lotuko dituen bidegorria eraikitzea", dio EHBilduren mozioak.

Aldiz, Diputazioari gai honetan aurrerapausoak emateko determinazioarik ez diotela ikusten adierazi zuen alkateak atzoko osoko bilkuran. Azpiegituretarako dirurik ez, eta etorkizunerako konpromisorik ez duela agertu gaineratu zuen. Eta honenbestez, aipatu moduan, arduragabekeriaz jokatzea litzatekeela, Lasarteko Udalak eginiko eskaerari baiezkoa ematea.

Halere, eta mozioko hirugarren puntuan jaso bezala, gai honi konponbidea aurkitzeko, Udalak elkarlanean aritzeko prestasuna izaten segitzen duela nabarmentzen du alkateak.