Euskal preso, iheslari eta deportatuen kaleratzea eskatzeko exijentziaren erdigunean bilakatuko da Usurbil, abenduaren 10etik urtarrilaren 8ra. Hilabeteko itxialdia antolatu dute hainbat preso ohiek, Dema plazan egokituko den karpa gunean. Hilabeteko tartean gainera, denetariko ekitaldiak, bilerak, eta agerraldiak tartekatuko dira. Beste herrietan antolatuko ekimenek osatuko dute, Usurbilgo Kaleragunea.
Kalera Kalera! Bakea eta Askatasuna irabaztera!
Dagoeneko bost urte igaro dira, eta denbora horretan guztian, eskakizunak etengabeak izan badira ere, emandako pausuak inoiz ez nahikoak. Iragana den gatazka armatuaren ondorioak erabakitzeko inolako mugimendurik gabeko bost urte.
Preso politikoen gaia da nabarmenena, eta aurrera egin ordez, atzera egin da gainera. Gaur egun espetxeetako egoera aurreko urteetakoa baino larriagoa da, eta espetxetik ateratzeko aukera urrunago dagoela dirudi; izan ere, oraindik ezartzen den espetxeko legeria salbuespenean, neurrigabekerian eta mendekuan dago oinarritua.
Euskal preso politiko ohiok, etorkizunari konponbiderako ekarpena egin nahi dion euskal presoen kolektiboa eta EPPK-ko kideak babesteko premia sentitzen dugu. Hori dela eta, gure ustez, herri borroka sustatzeko unea iritsi da, eta preso guztien kaleratzea zein iheslari guztien itzuleraren beharra exijitzeko unea ere bai. Denak kalera.
Kalera, Kalera… da ideia eta dinamika ere izan behar du. Kalera, kalera ekimen, aukera eta salto kualitatibo gisa. Sakabanaketa, larriki gaixorik dauden presoen egoera, eta presoek jasaten dituzten beste hainbat giza eskubidearen urratzea salatzeko eskaeren ideia osagarri izan behar du. Era berean, presoen kaleratzea eta gatazkaren ondorioen erabakian, gehiengo sindikal, politiko edota erakundeek antolatutako ekimenen osagarri.
Kalera, Kalera! Bakea eta Askatasuna irabaztera! Bestetik, Preso politikoei aukera eskaini nahi diegulako, eta bestetik, amnistia, bakea eta Euskal Herriarentzako askatasunaren alde irmotasunez borrokan aritu diren pertsona orori aukera eskaini nahi diegulako. Kalera, kalera, etorkizuneko erronka da, eta helburua lehenbailehen denak ateratzea.
Kalera! Bai, “presoak kalera” Euskal Herriaren borrokan kontsigna izan delako, eta denak atera arte kontsigna izaten jarraitu behar duelako. Kalera, espetxea eta erbestea ezagutu dugunok argi utzi nahi dugulako ez goazela etxera, kalera goazela borrokan jarraitzera.
Kalera, kalera… presoak kalera ateratzeko exijentzia azaldu nahi dugulako, eta era berean, euskal gizarteari presoen alde kalera atera dadin eskatu nahi diogulako. Kalera, kalera… presoak ateratzeko eskaera izateaz gain, konpromisorako eta borrokarako deia da. Bizitza osoan, modu batera edo bestera, amnistia, bakea eta askatasunaren alde lan egin duten milaka hiritarri egindako deia. Presoak kalera atera nahi ditugu, askatasuna lor dezaten, eta kalean, gure aldamenean borrokan jarrai dezaten bakea eta askatasuna irabazteko.
Sinatzaileak: Joxe D. Aizpurua, Marisa Alejandro, Xabier Aranburu, Koldo Lizaso, Jokin Errasti, Oihana Lizaso, Julian Bengoetxea, X. Ezkerra, Jesus Iparragirre, Iñaki Errekondo, Ramon Uribe, Agurtzane Solaberrieta, Olatz Altuna, Sebas Kardenas, Celestino Kamino, Patxi Segurola, Patxi Añorga, Kornelio Roteta.
Lehen ekitaldiak
Abenduak 10, larunbata
17:30 Kaleragunearen irekiera ekitaldia.
Abenduak 11, igandea
13:00 Herri kirol erakustaldia.
Parte hartzaileak: Iñaki Azurmendi eta Xabier Dorronsoro aizkolariak eta Idoia Etxeberria harrijasotzailea.
Abenduak 13, asteartea
19:00 Hitzaldia Potxoenean, Urko Aiartza abokatu eta senatari ohiaren eskutik: “Presoen kaleratzea, bake prozesu ezberdinetan (Hego Afrika, Irlanda, Kolonbia)”.
Abenduak 15, osteguna
18:00 Hitzaldia Potxoenean, Miren Illarreta eta Maritxu Paulus Basurko abokatuekin: “Estatu Frantseseko presoen Erradiografia”.
Abenduak 17, larunbata
10:30etan hasita egun osoz, presoen bisitarien arteko mus txapelketa erraldoia. Preso bakoitzeko, bikote bat.
Informazio gehiago:
Facebook: Kalera kalera
Twitter: @kalera_kalera
Antolatzailea: Kalera Kalera! ekimena.