Gipuzkoan Garapen Agentziarik ez duen eskualde bakarra dugu gurea, Beterri Buruntza. Gabezia honi aurre egiten lagundu, etorkizunean halako agentzia bat sortzea ahalbidetu eta Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalerriak proiektu horretara gerturatzeko, jorratu beharreko bide hori egiten lagunduko duen "oinarri sendo bat jarri dugu". Hala zioen Alaitz Aizpurua zinegotziak, asteartean egin zen azaroko osoko ohiko bilkuran.
Gaurkoz, eskualdeak mahai gainean duena, sei udalerrion artean landu duten, toki-garapenaren, sustapen ekonomikoaren eta enpleguaren alorreko lankidetza hitzarmena da. Aurreko legegintzaldi amaierara arte, 2015eko maiatzera arte indarrean egon zena ordezkatuko du. Ordutik hona, urte eta erdi honetan, hitzarmen hura berridatzi eta indartzeko lanketan aritu dira sei udalerriak. Aizpuruak azaroaren 29ko osoko bilkuran adierazi zuenez, ez da lanketa erraza izan, lan handia suposatu du. Udalbatzak aho batez babestu zuen, lau urterako sinatuko den lankidetza hitzarmena.
Eskualdeko udaletako talde politiko guztien eta desberdinen artean gutxieneko adostasun bat badela zioen, etorkizunean Garapen Agentziaren beharra badela adierazteari dagokionean. Udalok "bat datoz gaur egun ez dutela baliabide propio eta egokirik Toki Garapenaren, Sustapen Ekonomikoaren eta Enpleguaren alorrean eskualde mailako proiektuak koordinatzeko eta eraginkortasunez elkarlanean aritzeko". Eta udalon iritzian baita onuragarria litzateke Garapen Agentzia bat izatea; "eskualdeko koordinazioaren eta lankidetzaren bitartez hobeto aprobetxatuko lirateke udal bakoitzak dituen ahalmen eta baliabideak, gutxitu egingo litzateke administrazioko burokrazia, hobetu egin litezke giza baliabideak eta bitarteko materialak eta, halaber, ekintza bateratu bat bermatuko litzateke".
Ordezkaritza
Udalbatzak astearteko osoko bilkuran hitzarmenari emandako aho bateko babesak, hitzarmena bera sinatzea ahalmentzen du alkatea. Eta sinatu ostean, batzorde kudeatzaile bat eratuko da, "udal bakoitzeko Udal Batzarrak izendatutako bi ordezkari politikok osatuta". Gobernu taldetik Xabier Arregi alkatea eta Alaitz Aizpurua zinegotzia proposatu zituen EHBilduk, astearteko osoko bilkuran. EAJ-ko bozeramaileak haiek ere ordezkaritza izatea proposatu zuen. Baina batzorde horretan duten erantzukizuna kontuan izanda, "errealitateari eta egoerari egokitzen zaion proposamena" aurkeztu zutela adierazi zuen Aizpuruak. Bozketako tartean EHBilduko bi ordezkariak izendatzearen aurka bozkatu zuen EAJ-k. PSE eta EHBilduk alde.
Hitzarmenaren nondik norakoak
1-Helburuak:
-Eremuko eskualdeko diagnosi bat egitea.
-Diagnosi hau abiapuntu gisa hartuta, enplegu eta sustapen ekonomikorako udaleko/eskualdeko planak garatzea.
-Proiektuen kudeaketan eta horien zuzendaritza politikoan arintasuna bermatzea.
-Lankidetzan aritzearen egokitasuna aztertzea, erabakitzeke dagoen forma juridikoa izango duen egitura sortuz.
2-Sustatuko diren proiektuak:
"Tokiko enplegu planak", "ekintzaile zerbitzua", "enpresa zerbitzua", "sektoreetako foroak" eta Batzorde Kudeatzailearen programa berriak.
3-Baliatuko duten eskualde izendapena:
"Beterri-Buruntza".
4-Antolaketa egitura
3 organo izango ditu:
-Batzorde kudeatzailea: udal bakoitzeko bi ordezkari politikoez osatuko da. Eskualdearen toki-garapenerako estrategia zehaztea eta urteko kudeaketa-planak onetsi eta horien jarraipena egingo du. Erabakiak ordezkarien bi herenek onartu beharko dituzte.
-Administrazio Koordinaziorako Batzordea: udal sustapen ekonomiko eta enplegu, kontu-hartzailetza eta udal idazkaritza eremuko langileez osatuko da. Urteko proiektu, programa eta kudeaketa-planak koordinatu eta administrazio eta ekonomia alorrean horien jarraipena egingo diote.
-Koordinazio Teknikorako Batzordea: udal teknikariez osatuko da. Urteko proiektu, programa eta kudeaketa-lanak diseinatu, kudeatu eta koordinatuko ditu.
5-Ordezkaritza eta iraupena:
Andoain izango da eskualdeko udalen ordezkari eta lankidetza hau koordinatuko duena. Hitzarmena 4 urtez sinatuko dute, beste lau urtez luzatu ahal izango da.
6-Finantzaketa:
-Udalek: Batzorde Kudeatzaileak adostutako aurrekontuan, dagokion kuota ordaindu beharko dute urteko lehen hiruhilekoan. Foru-fondoaren banaketaren gaineko proportzioa baliatuko da erreferentzia gisa. Usurbilek %8,76ko ordezkaritza izango du.
-Beste erakundeen diru ekarpenak.
-2017ko aurrekontua:
Gastua guztira: 1.290.976. Diru-sarrerak: 603.390. Udal ekarpena: 687.586. Usurbilgo ekarpena, 68.399.
7-Hitzarmena baliogabetzea:
-Garapen Agentzia bat eratzen denean.
-Batzorde Kudeatzaileak aho batez hala erabakitakoan.
-Udal batek bere kontutik hitzarmenetik atera nahi badu, "aurrez bere gain hartutako konpromisoak kitatu beharko ditu".