Adostasuna iritsi bitartean, GuraSOSek ekimen juridikoekin jarraituko du

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 1a, 14:20

GuraSOSekoak pozik agertu dira gaur hedabideen aurrean. Pozik, azaroaren 26ko manifestazioak milaka lagun batu zirelako. Dena den, arantza batzuk badituzte. Hedabideren batek ehunka manifestari batu zirela esan zuelako, eta ETBko albistegietan manifestazioaren berririk ez zutelako eman. Honen aurreran erronka burutsua iragarri dute. Manifestazioaren inguruko bideo bat egin dute, sarera igo, eta 200. 000 mila bisitako kopurua gainditu nahi dute.

Eragile politiko zein sozialekin batuko dira 

Azaroaren 26an Donostian egin zen manifestazioan 8.000-10.000 pertsonek hartu zuten parte. GuraSOSekoak pozik daude erantzunarekin baina ez dute horretara mugatu nahi. "Lizitazioak gelditu eta adostasuna lortzeko garaiz gabiltza oraindik", halaxe adierazi dute gaur Donostian eskaini duten prentsaurrekoan.

Hala nola, GuraSOSek bere bide orria sozializatzen jarraituko duela iragarri dute. Urtea bukaera bitarte, eragile politiko eta sozialekin batuko dira. Gipuzkoako Foru Aldundiari ere hitzordua eskatu diote.

Lizitazioaren baimenaren suspentsioa eskatuko dute

GuraSOSen lehentasuna ez da borroka juridikoa. Argi utzi dute gaurkoan Donostian eskaini duten prentsaurrekoan. "Adostasunaren bidean sinisten dugu, eta hori da lehenesten dugun lan-ildoa, baina gure seme-alabekiko dugun erantzukizunagatik bide juridikoari ere eutsi beharrean gaude", Joseba Belaustegik aditzera eman duenez. Datorren astean erraustegia eraikitzeko lizitazioaren baimenaren suspentsioa eskatuko dutela iragarri du. Euskadiko Auzitegi Nagusiko Administraziorekiko Salan eta Donostiako Epaitegian errekurtso bana ipiniko dute. Behar izatera, Europara jotzeko asmoa ere azaldu dute.

Isiltasunaren aurrean, imaginazioa nagusi

ETBk ez zuen GuraSOSek azaroaren 26an antolatu zuen manifestazioaren berri eman. Honen aurrean, ekimen bitxia jarri dute martxan. Manifestazioari buruzko albistea osatu dute eta sarera igo. Erronka hau gainditu nahi dute: egun horretan ETB1 eta ETB2ko albistegiek izan zuten audientzia maila gainditzea, 200.000 ikusle. Bideoak 200.000 bisita gainditzeko lan horretan, herritarren eta hedabideen laguntza eskatu dute gaur. Hauxe duzue bideoa: