Usurbilgo hondakinak kudeatzeko eredu propioa lantzeko bidean aurrerapauso berri bat eman du Udalak; gai honen inguruko jarraipena egingo duen azterketa batzordea osatu du. Uztailaren 26ko osoko ohiko bilkuran Usurbilerako hondakinen kudeaketa eredu propioa garatzeko dauden aukerak aztertzea erabaki zuen udalbatzak. Ordutik egiten ari diren lanketaren baitan urrats berri bat eman dute aipatu moduan; eredu propio hau garatzeko azterketa batzordea osatu du Usurbilgo Udalak. EHBilduko hiru ordezkarik eta EAJ-ko ordezkari batek osatuko dute. PSE-EEk batzorde honetan parte hartzeari uko egin dio.
Eredu jasangarri baten aldeko apustua
"Ikusirik, Usurbilek ez daukala toki egokirik gaur egungo Gipuzkoako hondakinen arkitektura instituzionalean, eta herritarren aurrean dugun arduragatik eta zor diegun begiruneagatik", hondakinak tratatzeko eredu alternatibo bat lantzen hasiko zela iragarri zuen Udalak uda partean. Gutxienik, bestelako tratamendu eredu bat abiatzeko dauden aukerak aztertu nahi ditu Usurbilgo Udalak. Gaia uztaila amaieran egin zen osoko bilkurara eraman zuen udal gobernu taldeak. Gehiengo osoz onartu zen EHBilduren aldeko babesarekin. PSE eta EAJ abstenitu ziren.
Uztaila amaierako osoko bilkuran onartu ostean, "Usurbilgo hondakinen tratamendua bideratzeko azterketa integrala, aspektu sozial, juridiko, tekniko eta ekonomikoa landuko dituen espedienteari hasiera" ematekoa zen Udala. Hau da, Udala kide duen San Marko Mankomunitateak "aurreikusten dituen kudeaketa sistemetako baten bidez (zuzeneko edo zeharkako) ordezkatzeko aukera eta bideak aztertuko ditu". Udaletik gogorarazten dutenez, "Usurbilek eredu jasangarri baten aldeko apustua egina du eta, zero zabor bidearekin konpromisoa hartuta, urrats sendoak egiten ari da norabide horretan. Baina, San Marko Mankomunitatearen kide baikara, behin eta berriz ikusi dugu Mankomunitateak ez diola gure ereduari erantzuten, eta, are okerragoa dena, jasotzen ez ditugun zerbitzuak ere ordainarazten dizkigula".
Moratoria eskaera, eredu propioa lantzeko
Hondakinak tratatzeko eredu propioa lantzeko azterketa-batzorde bat eratu du Udalak, "hondakinen tratamenduaren inguruko alderdi sozial, juridiko, tekniko eta finantzarioari buruzko azterketa egin dezan eta memoria bat presta dezan, bi hilabeteko epean, gehienez ere". Batzordea zinegotzi eta teknikariek osatuko dute.
Hondakinak tratzeko bestelako eredu alternatibo bat martxan jartzeko dauden aukerak aztertzekoa denez, Zubietan eraiki nahi den erraustegiaren esleitze prozesuaren moratoria indarrean jartzea eskatua du Udalak. Une erabakigarri honetan hain zuzen; 2002-2016 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra amaierara heldu eta Foru Aldundia, 2017-2030 urte arterako plana diseinatzekoa den honetan. "Epemuga horrek aukera bat dakar: gipuzkoarrok abagune berri bat dugu hondakinen politika lantzeko eta adosteko", Udaletik uda partean nabarmentzen zutenez.