Hitz egiteko prest da, baina Zubietan eraiki nahi duten erraustegi proiektua alboratu gabe. Planeatua dutena urratsez urrats gauzatzen segitzeko asmoa izan eta kaotiko gisa definitzen duten Gipuzkoako egungo egoera hau gainditu nahi dute. “Ditugun arazoak konpontzeko gaude”, hala zioen Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Diputatuak, Euskadi Irratiko mikrofono aurrean. Ulertzen duela zioen, ulertzen duela Gipuzkoan gai honetan sortu den ika-mika, baina haiek arazoak konpontzeko daudela. Eta konponbiderako errezeta argia proposatzen dute.
Abenduaren 27an Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) egingo duen batzarrean esleituko zaizkio Zubietako erraustegia eraiki eta kudeatzeko lanak, lehiaketara aurkeztu diren 3 enpresa taldeotako bati:
-Construcciónes y Promociones Balzola, S.A; Valoriza Servicios Medioambientales, S.A; Valoriza Gestión, S.A.
-Meridiam Investments SAS; Urbaser S.A; Altuna y Uria S.A; Construcciones Moyua S.L; Construcciones Murias S.A; LKS Ingeniería S.COOP.
-Fomento Construcciones y Contratas eta Sartech Engineering. Datorren otsaila edota martxoan ekin nahi diete eraikitze lanei.
"Trantsiziorako" 3 zabortegi
30 hilabeteko epean amaitu nahi dituzte eraikitze lanak; honenbestez, beranduenez jota, legegintzaldi hau amaitu berria izango denerako, 2019ko uda parterako funtzionamenduan jarri nahi lukete Zubietako erraustegia.
Tratamendu mekaniko biologikorako planta bat eta erraustegia eraiki nahi dituzte lehenik. “Bigarren fase batean, zepen tratamendurako eta biometanizazio planta”, adierazi du Asensiok. Tratamendu mekaniko-biologikorako plantara helduko da erreusa. “Planta horretan berreskuratu daitezkeen material guztiak berreskuratuko dira, berrerabili daitezkeen guztiak. Hor geratzen dena erraustegira bidaliko da, erregai bezala energia sortzeko”, berri eman du.
Ordura arte, datozen hiru urteotan, hiru guneetara garraitu asmo dute Gipuzkoako zaborra. Azaroaren 30ean itxi baitzuten herrialdeko azken zabortegia, Lapatxekoa. Hondakinak jada Kantabriako Meruelora garraitzen dituztela berri eman du Asensiok. Egunero 25 kamioi haraino joan etorrian dabiltza eta horrek hondakinen kudeaketa kostua %40 garestitu omen du Asensioren esanetan. “Aurten 90.000 tona bidaliko dira. Hurrengo urtean, 80.000 tona gehienez, hori da akordioan jarri diguten muga”, aipatu du Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan.
Eta 2017. urte hasieratik Mutiloara (Gipuzkoa) eta Tuterara (Nafarroa) ere garraiatu asmo dituzte hondakinak. Zabortegiok hondakinen arazoari emandako irtenbide partzialtzat jotzen ditu ingurumen diputatuak. Erraustegia eraiki arteko trantsizio etapa honetarako baliatu nahi ditu. Behin behineko irtenbideok eragindako kostuon eta GHK-ren egoera ekonomikoa baliatzen ditu Asensiok, duela urtebete, udalei, Usurbilgoari tartean, tasetan aplikatu zitzaien igoera justifikatzeko.
Atzera begiratu gabe aurrerantz doa Aldundia egitasmo honen defentsan eta gauzatze bidean. Zubietan eraiki nahi duten azpiegiturekin, “gure zabor eta hondakinak erabat Gipuzkoan tratatzea" lortuko dela diote, eta "ez dugu inongo zabortegien beharrik izango”.
Prozesua
Abenduak 27, asteartea
GHKren asanblada. Erraustegiko lanak eta kudeaketa esleituko dira.
2017ko otsaila-martxoa
Lanak hastea aurreikusten du Foru Aldundiak.
2019ko uztaila-iraila
Tarte honetarako lanak amaituta egotea aurreikusten du.
Zabortegiak itxita, datozen 3 urteotan…
Hondakinak Meruelo (Kantabria), Mutiloa (Gipuzkoa) eta Tuterara (Nafarroa) eraman nahi ditu Aldundiak.