Gau haizetsua datorkigu. Abisu horian izango gara, larunbat gaueko 21:00etan hasi eta igande arratsaldeko 15:00ak arte. "Hego/hego-ekialdeko haize-boladak 100 km/h ingurukoak izango dira haizeguneetan, bereziki mendi inguruetan. Hego/hego-ekialdeko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindituko dute Gipuzkoan haizeguneak ez diren lekuetan, bereziki ekialdean. Gainerako tokietan haize-boladak 60-80 km/h artekoak izango dira", Euskalmetek iragarri duenez.
Iragarpena
Abenduak 3, larunbata
"Giro egonkorrarekin jarraituko dugu. Zerua hodei gutxirekin egongo da egunaren lehen partean, baina arratsaldean eta gauean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugaritu egingo dira eta zerua erdi estalita geratuko da. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, egunak aurrera egin ahala gero eta zakarrago, eta azken orduetan haizeguneetan bolada oso zakarrak izango dira. Tenperaturan ez da aldaketa handirik izango".
Abenduak 4, igandea
"Igandean fronte batek hodeiak eta euri pixka bat ekarriko dizkigu. Goizean zerua oso hodeitsu egongo da eta baliteke euri pixka bat egitea, bereziki barnealdean. Arratsaldean hodeiak gutxitu egingo dira. Hego-ekialdeko haizea oso zakar ibiliko da goizean, baina eguerditik aurrera indarra galduko du. Tenperatura maximoetan ez da aldaketarik izango, baina minimoak hiruzpalau gradu igoko dira".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus