Usurbilgo Udalak Ziortza Gazte Elkartearekin elkarlanean, euskarazko zine zikloa antolatu du negu parte honetarako. Hilero lehen igandeetan eskaini dituen haurrentzako proiekzioak izango dira. Zikloari azaroan eman zioten hasiera. Hurrengo hitzordua, igande honetan bertan, abenduaren 4an.
Arratsaldeko 17:00etan hasita, "Robotak" proiektatuko dute Sutegiko auditorioan. Emanaldirako sarrerak 3 eurotan izango dira salgai egunean bertan. Honela dio 5-12 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko filmaren sinopsiak. "Izotz Aroaren sortzaileen eskutik, hona hemen Robotak, dibertsioz betetako abentura bat, ordenagailuz animatua. Film hau Rodney Latorriren istorioa da. Rodneyk asmatzaile izan nahi luke. Helburu horrekin, Robot Hirirantz abiatu da, bere idoloa dena -Soldatzaile Handia- ezagutzeko. Bidean, Rodney era guztietako roboten lagun egingo da, eta haien laguntzarekin aurre egingo dio Ratchet maltzurrari. Ratchetek, bere amak bultzatuta, enpresa lapurtu dio Soldatzaile Handiari, eta gainerako robotei ez dizkie ematen behar dituzten ordezko piezak. Horren aurrean... gai izango da Rodney egoera konpontzeko?".