Tipi-Tapak arrakastatsu egin zuen jauzi plazara azaroaren 13an. Tabernetako pintxo festa, ibiltaria izango den azoka edo gune gastronomikoan bihurtua dugu ordutik. Hileroko “Bizi Kalea” izeneko egitasmo honen hurrengo edizioa iganderako, abenduaren 11rako iragarri dute, Artzabalen oraingoan. Eta berrikuntzekin, jan edanari eta gunea girotzeko izango diren hitzorduei dagokienean. Urdaiazpikoa, onddo nahaskia eta parrillan sukaldaturiko otarrainxka dastatu ahalko dugu. Gogoan izan, jatekoa eskuratzeko txartelak erosi beharko direla. Txartel zenbakituak izango dira, egunean bertan egingo diren zozketetarako baliatuko direnak. Hiru zozketa saio iragarri dituzte bigarren edizio honetarako. 150 euroko erosketa balearen eta tabernariek emandako opariak irabazteko aukeraz gain, sari gehiago ere izango dira. Udazken honetan bertan, Hurbilago Elkarteak antolaturiko argazki lehiaketako txapeldunak nortzuk diren emango baita ezagutzera.
Trikitilariek girotuko dute abenduaren 11ko “Bizi Kalea”. Baina izango da goiza girotuko duten ekintza gehiago ere; Txokoaldeko Lartzandieta baserriko Iñigo Huegunek poniak ekarriko ditu. Artzabaletik abiatuta, poni gainean paseoak egiteko aukera izango da doan. Txirinbolo dendakoen eskutik aldiz, haurrentzako tailerrak antolatuko dituzte. Euro baten truke, gabonetako zintzilikagarriak lantzeko aukera izango dute etxeko txikienek. Materiala saltokiak berak jarriko du. Olentzerori gutunak idazteko aukera ere izango da. Eta goizean zehar, haurrak lasterka batean jarriko dituen buruhandien bisita espero da. Argi denez, kale giroa indar gehiagoz bizitzera dator bigarrenez, Hurbilago Elkarteak antolaturiko egitasmo hau.
“Bizi Kalea” Artzabalen
Abenduak 11, igandea
11:00-14:30 “Bizi Kalea” Artzabalen.
Goizean zehar, trikitilariak, haurrentzako tailerrak Txirinbolo dendaren eskutik, buruhandiak, paseoak poni gainean Lar Zaldiak-en eskutik.
13:30/14:00/14:30 150 euroko erosketa balearen eta tabernariek oparien zozketak.
14:00 Hurbilagoren Argazki Lehiaketako sari banaketa.
Tokia: Artzabal.
Antolatzailea: Hurbilago Elkartea.