Antolatzaileek berri eman dutenez, jada 321 preso ohik bat egin du ireki berri duten Kaleragunearekin eta "egun batzuk Usurbilgo itxialdian parte hartzera" animatu dira. Ekimenari babesa adierazi diotenen artean dira, Usurbilgo preso ohiak ere. Ireki berri duten Kaleraguneari begira, honako idatzia helarazi zuten hain zuzen azaroa amaieran, NOAUA!ra:
Kalera Kalera! Bakea eta Askatasuna irabaztera!
Dagoeneko bost urte igaro dira, eta denbora horretan guztian, eskakizunak etengabeak izan badira ere, emandako pausuak inoiz ez nahikoak. Iragana den gatazka armatuaren ondorioak erabakitzeko inolako mugimendurik gabeko bost urte.
Preso politikoen gaia da nabarmenena, eta aurrera egin ordez, atzera egin da gainera. Gaur egun espetxeetako egoera aurreko urteetakoa baino larriagoa da, eta espetxetik ateratzeko aukera urrunago dagoela dirudi; izan ere, oraindik ezartzen den espetxeko legeria salbuespenean, neurrigabekerian eta mendekuan dago oinarritua.
Euskal preso politiko ohiok, etorkizunari konponbiderako ekarpena egin nahi dion euskal presoen kolektiboa eta EPPK-ko kideak babesteko premia sentitzen dugu. Hori dela eta, gure ustez, herri borroka sustatzeko unea iritsi da, eta preso guztien kaleratzea zein iheslari guztien itzuleraren beharra exijitzeko unea ere bai. Denak kalera.
Kalera, Kalera… da ideia eta dinamika ere izan behar du. Kalera, kalera ekimen, aukera eta salto kualitatibo gisa. Sakabanaketa, larriki gaixorik dauden presoen egoera, eta presoek jasaten dituzten beste hainbat giza eskubidearen urratzea salatzeko eskaeren ideia osagarri izan behar du. Era berean, presoen kaleratzea eta gatazkaren ondorioen erabakian, gehiengo sindikal, politiko edota erakundeek antolatutako ekimenen osagarri.
Kalera, Kalera! Bakea eta Askatasuna irabaztera! Bestetik, Preso politikoei aukera eskaini nahi diegulako, eta bestetik, amnistia, bakea eta Euskal Herriarentzako askatasunaren alde irmotasunez borrokan aritu diren pertsona orori aukera eskaini nahi diegulako. Kalera, kalera, etorkizuneko erronka da, eta helburua lehenbailehen denak ateratzea.
Kalera! Bai, “presoak kalera” Euskal Herriaren borrokan kontsigna izan delako, eta denak atera arte kontsigna izaten jarraitu behar duelako. Kalera, espetxea eta erbestea ezagutu dugunok argi utzi nahi dugulako ez goazela etxera, kalera goazela borrokan jarraitzera.
Kalera, kalera… presoak kalera ateratzeko exijentzia azaldu nahi dugulako, eta era berean, euskal gizarteari presoen alde kalera atera dadin eskatu nahi diogulako. Kalera, kalera… presoak ateratzeko eskaera izateaz gain, konpromisorako eta borrokarako deia da. Bizitza osoan, modu batera edo bestera, amnistia, bakea eta askatasunaren alde lan egin duten milaka hiritarri egindako deia. Presoak kalera atera nahi ditugu, askatasuna lor dezaten, eta kalean, gure aldamenean borrokan jarrai dezaten bakea eta askatasuna irabazteko.
Sinatzaileak: Joxe D. Aizpurua, Marisa Alejandro, Xabier Aranburu, Koldo Lizaso, Jokin Errasti, Oihana Lizaso, Julian Bengoetxea, X. Ezkerra, Jesus Iparragirre, Iñaki Errekondo, Ramon Uribe, Agurtzane Solaberrieta, Olatz Altuna, Sebas Kardenas, Celestino Kamino, Patxi Segurola, Patxi Añorga, Kornelio Roteta.