Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen aldeko konpromiso, elkartasun eta borroka gunea izango dena ireki berri dute Usurbilen. Hilabetez luzatuko den Kaleragunea inauguratu berri dute plazan larunbat arratsalde honetan, presoen alde eta presoei begira egongo dena. Ekitaldi jendetsua izan da. Gaur hasi eta urtarrilaren 8ra arte, hilabeteko itxialdia egingo dute ehunka preso ohiek, baita deialdira batzen diren beste hainbat eragile edota herritarrek. "Euskal preso politikoen Kolektiboak abiatzear daukan eztabaida sozializatzeko esparrua izan nahi du, eta, horrekin batera, gatazkaren ondorioen konponbidearen arloko behar politiko eta humanoen inguruko mobilizazioa sustatzea du helburu", adierazi dute errealitate hau gertutik bizi dutenek. Itxialdiaren bidez, "mezu argi bat zabaldu nahi dugu: preso ohiok ez gara etxean geldituko, kalera irtengo gara borrokan jarraitzera". Kaleraguneko deitzaileak hain zuzen, "kartzelan edo erbestean egon garen pertsonak gara eta, beraz, oso ondo ezagutzen dugu errepresaliatu politikoek eta haien ingurukoek pairatzen duten egoera".
Gaur Usurbilen jarri den "Kalera Kalera! Bakea eta Askatasuna irabaztea!" aldarripean hamaika ekimen ospatuko dira asteotan. Goiburuari dagokionez aurkezpen ekitaldian zera zioten deitzaileek; "Bakea eta askatasuna geure egiten ditugun bi kontzeptu dira, zehaztasun handiz adierazten dutelako zein diren hurrengo fase politikoaren lerro nagusiak marrazten ari diren une honetan lortu beharreko helburu nagusiak. Bakea egon dadin, askatasunean sakondu behar da. Batez ere, euskal preso politikoen askatasunean eta erabakitzeko askatasunean. Ekimenaren goiburu nagusiaren osagarri gisa, Euskal Herriko hainbat belaunaldiren imajinario kolektiboan sakonki erroturik dauden bi elementu sinboliko erabiliko ditugu: sugarra eta Kalera Kalera abesti herrikoia. Sugarrak amnistiaren eta gure herriaren askatasunaren aldeko borroka irudikatzen du; Kalera Kalera kantak, berriz, ziklo historiko oso bateko kontsigna jasotzen du. Bi sinbolismo horiek kalean etengabe egotea nahi dugu, indartsu, haien esanahia bazter guztietara zabalduz".
Itxialdian da jada lehen taldea
Irekiera ekitaldian, "Kalera, kalera" abesti ezaguna kantatu dute. Abestia udazken honetan gure artetik joan den Imanol Urbieta musikari ezagunak eta Josu Txapartegi "Txapas"ek sortu zuten. Txapartegik berak azaldu ditu xehetasunak frontoian, denak abesten hasi aurretik. Urbietaren argazki batekin Imanol oroitu nahi izan dute. "Kalera, Kalera!" ekimenaren sinbolo izango da abesti hau eta baita, kandelekin lehenik eta karpagunean gero piztu duten sugarra. Karpagunera gerturatu dira eta han dira jada, itxialdian parte hartuko duen lehen taldeko kideak. Topa eginez hasi dute, urtarrilaren 8ra arte luzatuko den txandakako itxialdia.