20. Korrikarako girotzen hasi gara gaur, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berriarekin

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 11a, 15:46

Martxoa amaieran ospatuko den 20. Korrikarako girotzen hasi gara. Gaur eguerdian aurkeztu dute Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Irrien Lagunek "Tipi-tapa Korrika" ikuskizun berria, leporaino betea zegoen Oiardo Kiroldegian. Irriak, dantzak eta musika tartekatu dituen ikuskizun ederra eskaini dute beste behin. Bildutako laguntza Argiara bideratuko da.

Korrikaren ingurukoa

Bi urtez behin Euskal Herria alderik alde zeharkatzen duen euskararen aldeko Korrika du ardatz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun berriak. Ikuskizunarekin batera, CD eta liburu bikoitza argitaratu dute; "Tipi-Tapa Korrika!" eta Imanol Urbieta musikaria omentzen duen "Haizearen herrira". 17 eurotan eskura dezakezue jada, katxiporreta.eus atarian sartuta.

Martxoaren 30ean abiatuko da Otxandiotik eta apirilaren 9an amaitu Iruñean, "Batzuk" aldarripean. Hautatu duten leloak, "hizkuntza, kultura eta mundu batzuk irudikatu nahi ditu". Bat eta zu hitzekin jolastu nahi izan dute oraingoan. “Hizkuntza, Kultura, Mundu ‘Bat’ sendotzeko bidean, ‘Zuk’ ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz”, antolatzaileen esanetan.

Oraingoan sortzaileak omenduko dituzte. Abestia abenduaren 14an aurkeztuko dute. Usurbildik ere igaroko den 20. Korrika badator eta guztion laguntza beharko da. Horretarako, 12 euroren truke Korrika Laguntzaileak izan gaitezke. "20. Korrikak jasoko duen dirua Euskal Herri osoko bere euskaltegiak laguntzeko erabiliko du AEK-k", berri eman dutenez. Informazio gehiagorako: korrika.eus