Merienda-bilkura larunbatean izango da, abenduaren 17an, arratsaldeko 18:00etan hasita, Donostiako Gipuzkoa plazan. GuraSOSek iragarri duenez, haurrentzako jolasak, musika, gaztain erreak izango dira. GuraSOSen gabon txartelak ere banatuko dituzte bertan. Honez gain, GuraSOSek abian dituen ekinbide juridikoen gaineko nobedadeen berri emango dute.
Hitzordu honetan parte hartzeko gonbita luzatzen die GuraSOSek familiei eta herritarrei. "Gurasoak gara, eta guraso bezala, «pelmak» gara. Eta gure alaba eta semeengatik ez dugu etsiko. Guretzat beraiek dira garrantzitsuena, beraiek dira etorkizuna. Adostasunaren bidean sinesten dugu, eta beste behin hautu horren aldeko aldarrikapena egingo dugu larunbatean. Akordio bat lortzeko oraindik garaiz gaudela esateko joango gara, informazio gehiago, eztabaida gehiago eta adostasuna nahi ditugula esateko joango gara. Guztiok merezi dugulako. Gipuzkoak merezi duelako. Bat egin dezagun guztiok giro alaian!", dio GuraSOSek.
Pozik, #Baietz200000 kanpainarekin
Euskal Telebistak GuraSOSek azaroaren 26an Donostian antolatu zuen manifestazioaren berri ez zuen eman. Honen aurrean, egun gutxira albiste honi atxikia duzuen bideoa kaleratu zuen guraso taldeak. Mobilizazioari buruzko berria eman zuten ikus-entzunezko lan honen bidez, ETB-ko albistegien gunean egongo balira bezala, atzean aipatu telebista kateko albistegien platoaren irudia zutela. Egun horretan, ETB-k izandako audientzia maila gainditu nahi zuten eta honenbestez, herritarroi bideoa ikustera animatzen gaituzte. Ekimen hau izaten ari den harrerarekin pozik dira GuraSOS taldekoak.
"Izugarrizko elkartasun olatua izaten ari da. Une honetan 88.500 mila bisita baino gehiago dituzte bideoek (51.000tik gora euskarazkoak), izugarria da hori. Kanpainan parte hartu eta parte hartzen ari diren guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu elkarrekin batera egoerari buelta eman diogulako. Whatsapp bidez, sare sozialak astinduz eta ingurukoei erakutsiz azaroaren 26ko manifestazioaren albistea lau haizetara zabaltzen eta informazio eskubidea babesten ari gara. Bejondeigula!", diote guraso taldetik.
Laguntzarako deia
Hondakinen afera konpontzeko bide-orria landu eta aurkeztua du GuraSOSek. Orain, bide-orri hori babesteko gizarte eragile eta politikoen atxikimenduak biltzen ari dira. Kanpaina honetan laguntzeko deia egin dute. "Herriz herri atxikimenduak lortzeko laguntza eskatzen du" GuraSOSek. Laguntzarako dituzuen bideen berri, GuraSOSen web orrialdean jaso dezakezue.