Erraustegiaren Aurkako Usurbilgo Taldearen batzarra, abenduaren 19an

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 13a, 10:53

Datorren astelehenerako, abenduaren 19rako deitu dute bilkura arratsaldeko 19:00etan, Sutegiko auditorioan. Nagusiki bi gai jorratzeko deitu dute hitzordua; batetik, San Marko Mankomunitatetik irteteko dagoen aukeraren inguruko informazioa eskainiko da. Bestetik, urriaren 21etik 23ra Usurbilen eta Zubietan erraustegiari buruz eginiko galdeketan herritarrek emandako iritzia ez dute herri borondatearen adierazpen hutsean geratzerik nahi. Usurbilgo Udalak herritarrek emandako hitza defendatzeko konpromisoa hartua du. Usurbildar eta zubietarrek bozken bidez duela bi hilabete erraustegiari emandako ezezko borobila zertan gauzatuko den erabakitzeko, horri buruzko iritzi eta ekarpenak ere bildu nahi dira hilaren 19ko batzarrean.

Esleipena, abenduaren 27an

Gogoan izan, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak datorren abenduaren 27an erabakiko du nork eraiki eta kudeatuko duen Zubietako erraustegia. Esleipena gauzatuta, urte berriarekin batera hasi asmo dituzte eraikitze lanak, otsaila-martxoa aldera. 30 hilabetez, hau da, bi urte eta erdiz luzatzea aurreikusten dute. Eta legegintzaldi amaierarako, erraustegia 2019ko udarako martxan egotea espero du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

3 enpresa talde lehian

Erraustegia eraiki eta kudeatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak deitutako lizitaziora hiru enpresa talde aurkeztu dira. Taldeotako bati esleituko zaizkio hilaren 27an, erraustegia eraiki eta kudeatzeko lanak:

-Construcciones y Promociones Balzola, S.A; Valoriza Servicios Medioambientales, S.A; Valoriza Gestión, S.A.

-Meridiam Investments SAS; Urbaser S.A; Altuna y Uria S.A; Construcciones Moyua S.L; Construcciones Murias S.A; LKS Ingeniería S.COOP.

-Fomento Construcciones y Contratas eta Sartech Engineering.