Zuberoako produktudun otarrak, San Tomas Festan banatuko ditu Nafartarrak taldeak

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 13a, 09:19

Zuberoako ikastolak laguntzeko Nafartarrak taldeak azken asteotan martxan izan duen elkartasun kanpaina azken txanpara heldu da. Aurrez otarrak eskatuak dituzuenok, igande honetan, frontoian ospatuko dugun San Tomas Azokara gerturatu. Bertan, ekimen hau bideratu duen taldeak postua izango du eta bertan eskuratu ahalko dituzue Zuberoko produktu goxo askoez hornituriko saskiak. Ordainketak ere unean bertan egin beharko dira. Aurrez eskaera egin ez dutenek ere momentuan bertan erosteko aukera izango dute.

Otarretako bat NOAUA! Kultur Elkarteak eskatua du. Aurreko bi edizioetan egin bezala, NOAUA!ren fotokolean argazki bat ateratzen duzuenon artean zozketatuko dugu. Baita NOAUA!k udazkenean erosi zuen Errigoraren otar bat ere. Esandakoa, zozketan parte hartzeko egin beharrekoa oso erraza da; NOAUA!ren fotokolera gerturatu eta argazki bat aterako dizuegu. Saskion zozketarako zenbaki bat jasoko duzue trukean.

Aipatu baita, San Tomas Festako ekitaldi nagusian emango du aditzera Nafartarrak taldeak, urtero moduan, elkartasun kanpaina honetan bildu den laguntza. Iaz 10.200 euro batu zituzten.

“Garazi”, artzainen bizimoduaz

San Tomas Festaren bezperan, Nafartarrak taldeak izenburu hau daraman filma proiektatuko du larunbatean, abenduaren 17an, 19:00etan Sutegin. 1959ko irudiak biltzen ditu, Jacques Krier eta Jean Claude Bergeretek zuzendu eta 30 minutuko iraupena duen ikus-entzunezko lan honek. “Kamerak eta zinemagileen jakin-mina Arnostegi bezala ezagutzen den ingurura igoko dira, Orbaitzeta eta Eiheralarre artean aurkitzen den mugako txoko txiki batera. Han, mendiko txabolan, Ellande Etchehandy artzaina egoten da udaberrian eta udan. Dokumentalean, zuri-beltzezko irudi sinesgaitzen bidez erakutsiko zaigu nolakoa den eguneroko bizitza mendian”.