Bide-orrirako atxikimenduak biltzen ari da GuraSOS

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 14a, 11:31

Hondakinen afera konpontzeko bide-orria landu eta aurkeztua du GuraSOSek. Orain, bide-orri hori babesteko gizarte eragile eta politikoen atxikimenduak biltzen ari dira. Kanpaina honetan laguntzeko deia egin dute. "Herriz herri atxikimenduak lortzeko laguntza eskatzen du" GuraSOSek. Laguntzarako dituzuen bideen berri, GuraSOSen web orrialdean jaso dezakezue.

Merienda-bilkura larunbatean

GuraSOSek antolaturiko ekimena, abenduaren 17an, arratsaldeko 18:00etarako finkatu dute, Donostiako Gipuzkoa plazan. Guraso taldetik iragarri dutenez, haurrentzako jolasak, musika, gaztain erreak izango dira. GuraSOSen gabon txartelak ere banatuko dituzte bertan. Honez gain, GuraSOSek abian dituen ekinbide juridikoen gaineko nobedadeen berri emango dute.

Hitzordu honetan parte hartzeko gonbita luzatzen die GuraSOSek familiei eta herritarrei. "Gurasoak gara, eta guraso bezala, «pelmak» gara. Eta gure alaba eta semeengatik ez dugu etsiko. Guretzat beraiek dira garrantzitsuena, beraiek dira etorkizuna. Adostasunaren bidean sinesten dugu, eta beste behin hautu horren aldeko aldarrikapena egingo dugu larunbatean. Akordio bat lortzeko oraindik garaiz gaudela esateko joango gara, informazio gehiago, eztabaida gehiago eta adostasuna nahi ditugula esateko joango gara. Guztiok merezi dugulako. Gipuzkoak merezi duelako. Bat egin dezagun guztiok giro alaian!", dio GuraSOSek.

Bide-orria

Hondakinen afera konpontzeko 8 puntuko bide-orria aurkeztua du GuraSOSek. Honatx bide-orriko edukia bere osotasunean:

1-Berehalako erabakia hondakinen kudeaketarako azpiegituren lizitazio eta kontratazio prozesuetan atzera egiteko edo haiek GELDIARAZTEKO. Epe laburrera zerbitzua emateko beharrezko diren bitartekoak kontratatzea.

2-LEGEZTATZEA. Paraleloki premiaz ekitea Gipuzkoako Hiri-Hondakinen Kudeaketako Plan Integrala berrikusteko izapideei.

3-GIZARTERATZEA: Foru Aldundiaren baitan mahai soziala sortzea hondakinen kudeaketarekin lotutako herritar elkarte eta mugimenduen presentzia eta partaidetza bermatzeko.

4-INFORMAZIOA ETA GARDENTASUNA. Mahai tekniko bat sortzea Foru Aldundiaren baitan osasun publikoaren gaian eta hondakin kudeaketan aditu eta teknikari direnen presentziarekin, Foru Gobernuaren proposamenez, foru parlamentuko talde politikoen proposamenez eta halaber elkarteen proposamenez izendatuak.

5-PARTAIDETZA BIDEZKO HAUSNARTZE PROZESUA: 3. eta 4. puntuan aurreikusitako mahaiak Hondakinen Foru Planaren berrikuspenaren tramitazio prozedurara bilduko dira, indarreko legediak aurreikusi bezala (hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 10. artikulua; ingurumen gaietan informazioa eskuratu, publikoki parte hartu eta auzitegietara joateko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 16. artikulua (2003/4/EE eta 2003/35/EE arteztarauak txertatzen ditu) eta herritarren   partaidetzari   buruzko   uztailaren   8ko   1/2010 Foru Araua.

6-OSASUNAREN BABESA ETA GIZARTE KOHESIOA.- Prozesuan parte hartzen dutenek jarraibide komun partekatu batetik abiatzen dira: osasun publikoari eta ingurumenari berme gehien eskaintzen dizkion irtenbidearen bila aritu eta era berean gizarte kohesioaren aldetik maila gorenak lor ditzakeena.

7-HOBETO EGOKITZEA GAIARI BURUZ EUROPATIK DATOZEN POLITIKEI.- Irtenbideak izan behar du baliabideen erabilera eraginkorrari buruz 2015eko uztailaren 9an Europar Parlamentuak emandako Ebazpenari hobekien egokitzen zaiona.

8-AKORDIO ETA IRTENBIDE PARTEKATUA.- Ordezkari politikoek lortuko dute aurre egin beharreko bi arazoei irtenbidea ematen dien AKORDIO politikoa: hondakinen kudeaketari eta gizarte kohesioaren gabeziari, txanpon beraren aurkia eta ifrentzua balira bezala. Akordio horren zimenduak izango dira partaidetzazko hausnartze prozesuaren fruitu izango diren adostasun tekniko eta sozialak.