Galdeketa kudeatuko duen elkartea aurkeztuko du Gure Esku Dagok, ostiralean

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 14a, 12:00

2017ko maiatzaren 7an erabakitze eskubidearen inguruan Usurbilen ospatuko den herri galdeketa antolatzeko lanak abiatu dira. Ostiralerako ekitaldia deitu du Gure Esku Dagok, arratsaldeko 19:30etan frontoian. Bertan, galdeketa prozesu osoa kudeatuko duen talde eragilea, elkartea, elkartearen izena eta irudia aurkeztuko dituzte. Eta horrekin batera, baita manifestu bat ere. Hurrengo urratsa, manifestu honen aldeko ahalik eta babesik handiena lortzea izango da. Horretarako, sinadura bilketa jarriko du martxan Gure Esku Dagok. Atxikimendua emateko mahaiak jarriko dituzte datozen asteotan. 

Gero, galdeketarako galdera adostu beharko da, urtarriletik martxora artean. Galdeketa antolatzeko datozen hilabeteotan Usurbilen osatuko den prozesuaren berri segidan:

Antolaketa egitura

Talde sustatzailea

Galdeketa antolatzeko erantzukizun maila nagusia izango duen bilgunea. Asteotan, antolaketen egutegiko 1.erronka abiatzeaz arduratuko da.

Lan taldeak

Bereziki, antolaketa lanen egutegiko 2.erronkaren baitan dauden zereginez arduratu beharko dute. Lau lan talde osatzea aurreikusten da:

1-Galdera zehazteko/harremanak.

2-Ekintzak/kale presentzia/komunikazioa.

3-Diru-zaintza/logistika.

4-Protokoloak-legea.

Berme Batzordea

Galdeketa berme guztiekin antolatu eta ospatzeaz arduratuko da taldea. Beranduenez, galdeketen antolaketa lanen azken faserako osatu nahi da. 3. erronkaren baitako zereginetako bat izango da.


Antolaketa lanen egutegia

1.erronka: Abendua-urtarrila

Bideratu beharreko lanak: taldearen manifestua, sinadura bilketa, herritarrak aktibatu, argazkia eta CIF-a lortu.

2.erronka: Urtarrila-otsaila-martxoa

Bideratu beharreko lanak: galdera definitzeko prozesua, diru iturriak izateko ekimenak, mahaietarako boluntarioak, aurrekontua kalkulatu.

3.erronka: Apirila-maiatza

Bideratu beharreko lanak: azken zehaztapenak, Berme Batzordea sortu, parte hartzea sustatzeko kanpaina.

Galdeketa:

2017ko maiatzaren 7an (bai Usurbilen, baita Lasarte-Orian, Urola Kostan...).

Izen ematea

Galdeketa antolatzeko lanetan parte hartu nahi duenak, Usurbilgo Gure Esku Dago taldearekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue:

Facebook: Gure Esku Dago Usurbil

Twitter: @GureEskuDagoU

E-posta: usurbilgureeskudago@gmail.com

3 olatu, 2017an

Galdeketen hiru olatu izango ditugu 2017an, Euskal Herri luze eta zabalean:

-Martxoaren 19an: Oarsoaldean, Tolosaldean, Hernani eta Astigarragan...

-Maiatzaren 7an: Usurbilen, Lasarte-Orian, Urola Kostan, Bizkaiko zenbait txokotan...

-Ekainaren 10ean: ekitaldi nazionala Bilbon.

-Ekainaren 18an: Nafarroako 30 herrietan (Bortziriak, Leitza, Areso, Lekunberri inguruetan...).