Bidegorri-sarea ia geldirik dagoela ohartarazi du Eguzkik

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 14a, 11:29

Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmo honetara bideratu beharreko diru kopurua nabarmen murriztu duelako, bidegorri-sarea ia guztiz geldirik dagoela gogorarazi du Eguzki Talde Ekologistak, NOAUA!ra helarazi duen oharraren bidez.

"2013an, Batzar Nagusietako talde guztiek aho batez onartu zuten Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektoriala. Horren arabera, zortzi urtetan, urtero 14,5 milioi euro inbertituta, oinarrizko bidegorri-sarea osatu behar zen Gipuzkoan. Baina 2016an inbertsioa 2,3 milioikoa baino ez da izan; eta 2017ri begira aurreikusitakoa, berriz, are txikiagoa da: 1,8 milioikoa. Kalkulua buruz ere lasai asko egin daiteke: horrela jarraituz gero, 8 urte ez, 50etik gora beharko dira "oinarrizko" sarea osatzeko. Sare horri dagokio Usurbilgo bidegorria, Donostia-Mutriku ardatzaren zati izan beharko lukeena. Bada, inbertsio-maila aldatzen ez bada, bidegorri horren eraikuntzak luze, oso luze joko du", Eguzkitik aditzera eman dutenez.

Panorama honetan, hitzak eta ekintzak ez datozela bat adierazi dute talde ekologistatik. "Luzuriaga eta Lasarte-Oria bitartean pendiente geratzen zen bidegorri-zatiaren inaugurazioa zela eta, argazki bat atera zioten Marisol Garmendia Mugikortasuneko diputatuari, bizikletan ari zela. Garmendiak aukera aprobetxatu zuen datorren urtean zati berri txiki bat egingo dutela iragartzeko eta, oro har, haren departamentuak bizikletaren erabileraren alde egiten dituen ahaleginak publizitatzeko. Alabaina, argazkiak eta hitzek ezin dute ezkutatu bidegorri-sarea ia zeharo geldirik dagoela, Foru Aldundiak horretarako aurrekontuak izugarri murriztea erabaki duelako. Garbi dago kasu honetan zenbakiak askoz adierazgarriagoak direla hitzak baino, baita argazki bat baino, bizikletan ateratako argazkia bada ere", Eguzkitik diotenez.

Irudia: lasarte.eus