Belaunaldi arteko eguberrietako emanaldi berezia eskaini dute Artzabalen

Noaua Aldizkaria 2016ko abe. 15a, 11:13

Eguberri giroa heldu zaigu, bai behintzat Artzabal aldera, goizean ospatu den urte garai honi loturiko musika emanaldiarekin. Belaunaldi ezberdinetako herritarren arteko harremanak sendotzeko balio izan du gainera. Hitzorduak, Eguneko Zentroko kideak eta Zumarte Musika Eskolako musikari taldekoak bildu baititu. Laugarren urtez segidan, elkarlanean gabon kantak abesten igaro dute goiza, Artzabalgo ekitaldi aretoan.

Ostegun honetakoa, ez da emanaldi hau antolatzen duten lehen aldia. Aurreko hiru urteetan, espresuki hitzordu honetarako osaturiko Zumarteko musikari taldea, Puntapax Eguneko Zentrora gerturatu izan da, musika baliatuz, alaitasun eta gabon giroa bertako erabiltzaileen artean zabaltzera. Iaz, urrats berri bat eman zuten; emanaldian abestu beharreko kanten arteko aukeraketa bat egin zuten Eguneko Zentroko kideek. Adinekoen bozkek erabaki zuten errepertorioa. Kanta bozkatuenekin osatu zuten emanaldiko kantuen zerrenda. Errepertorio horixe bera baliatu dute gaur goizeko emanaldirako ere. Giro alai askoan aritu dira gabon kantak abesten. Horren erakusgarri ondoko irudi bilduma.