Eguberriak tarteko, astebete aurreratu du Usurbilgo Udalak, abenduari dagokion osoko ohiko bilkura. Datorren asteartera, abenduaren 20ra hain zuzen. Ohiko ordu eta tokian ospatuko da ezohiko izaera izango duen hitzordua; arratsaldeko 18:00etan udalbatza aretoan. Bertan udal ordezkariek ahotan hartuko duten gaietako bat 2017ko udal aurrekontuak izango dira. Hasieraz onartu edo ez erabaki beharko dute.
Saio honetara eraman aurretik, bere bidea osatu dute urte berrirako aurrekontuok, udal barruan. Jendaurrean aurkeztu zituzten, baita udal taldeei ere, ekarpenak biltzeko. Udalbatzaren babesa jaso beharko dute orain, abenduaren 20an. Aurrekontuekin batera, baita Lanpostuen Zerrendak eta Plantilla Organikoak ere.
Gai gehiago ere jorratuko dituzte udal ordezkariek datorren ezohiko osoko bilkuran. Honatx Usurbilgo Udalak helarazi berri digun gai zerrenda osoa:
EZOHIKO OSOKO BILKURA
Eguna: abenduak 20, asteartea.
Ordua: 18:00.
Tokia: udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai zerrenda:
1.-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2016ko azaroaren 21etik abenduaren 2ra (2016/1128-2016/1172).
2.- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-59 (Ugartondo) Eremuari dagokion Barne Erreformarako Plan Bereziaren aldaketa behin betikoz onartzea.
3.- Usurbilgo Udalaren ahots eta datu komunikaziorako sarearen beharrezko elektronika hornitzea, sarearen mantentze eta laguntza teknikoko lanak burutzea, sarearen kudeaketa eta instalakuntza zerbitzuak emateko kontratuaren esleipena.
4.- 2017ko Aurrekontu Proiektuaren hasierako onarpena.
5.- 2017ko Lanpostuen Zerrendaren eta Plantilla Organikoaren hasierako onarpena.
6.- Mozioa: Poliomilitisak jota izan ziren eta gaur egun ondorio berantiar edo post-polio sindromea (PPS) jasatzen ari diren lagunentzat sostengua.
7.- Mozioa: Urbil inguruko bidegorri-zatiaren inaugurazioa.
8.- Galdera-eskaerak.